Ulua bolizko dorrean
Ulu luze, kraskatu, basati batek urratu du Iratiko oihaneko gaueko lasaitasuna. Bolizko dorreko sukaldean, Yoda harrikoa egiten ari da. Izu hotzikara batek bizkarrezurra astindu dio. Eskuartean duen katilua erori, eta lurraren kontra lehertu da: akabo 1985eko Herri Urratseko oroigarria. Uhuri ikaragarri horren sorburua hurbil duela iruditu zaio, bolizko dorrearen barruan dagoela. Kandela hartu, eta korrika batean abiatu da Mitxelena XVI.aren gelarantz, salbu ote den ikustera. Iritsi delarik, Mitxelena aulkian eserita eta burua mahai gainean, egunkariaren gainean botata ikusi du. Ez da mugitzen. “Gorentasuna ongi al dago?”, galdetu du Yodak, zeharo larriturik. Bizpahiru segundo amaiezin igaro dira Mitxelena XVI.ak erantzun duen arte. “Ez ba, Yoda, ez nago ongi. Nola egonen naiz ongi PPko Oiarzabalek egin dituen adierazpenak egin eta gero. Irakurri al dituzu?”. Yodak, jakina, irakurri ditu, Mitxelena XVI.ak egunero Berria goitik behera irakurtzera behartzen baitu. “Bai, Gorentasun... Oso fuertea iruditu zait Kontseiluko horiek nortzuk diren galdetzea”, esan dio, horixe entzun nahi zuelakoan. “Hori huskeria da, Yoda. Hemen larria dena da Kontseiluko kideak euskararen taliban deitu izana”, txilio egin dio. “Eskutitz bat diktatuko dizut, hartu pergaminoa, tintontzia eta bolaluma“, agindu dio jarraian. “Bai, Gorentasun”, men egin du Yodak. Mitxelena XVI.a diktatzen hasi da: “Iñaki Oiarzabal parlamentari txit agurgarria, agur eta erdi: Jakin dezala berorrek ez zaidala batere egokia begitantzen Kontseiluko kideak euskararen taliban deitzea. Kontseiluko kide guztiak gutxienez elebidunak dira, hots, euskara ez ezik, gaztelera edo frantsesa ere badakite. Zenbaitetan, biak. Eta, are gehiago, kasu askotan, ingelesez ere moldatzen dira. Nola izanen dira, bada, talibanak halako jarrera linguistiko malgu eta txepela darabiltenak? Gazteleraz eta soilik gazteleraz, frantsesez eta soilik frantsesez dakiten horrenbeste euskal herritar elebakar izanda, nola deituko ditugu taliban linguistiko halako eleanitz indargeak? Euskararen egiazko taliban batek euskara besterik ez du jakin behar. Ni neu euskaldun elebakarra naiz, eta horrexegatik naiz ni, Mitxelena XVI.a, ezizenez, Euskararen Talibana. Euskararen Taliban bat eta bakarra dago, ni neu. Ez dezala berorrek ahaztu. Ez nazala berorrek berriz nahastu halako jendilaje funtsik gabearekin. Ez dadila errepika. Adeitasunez baina irmoki, Mitxelena XVI.a, Euskararen Talibana. Bolizko Dorrea. Iratiko Oihana. Nafarroa. Euskal Herria. 2011Ko urriaren 6a”. Eskutitza diktatzen amaitu eta gero ere, amorraturik segitzen du Mitxelena XVI.ak. Beste ulu luze, kraskatu, basatia bota du.
Sarri kalean sarri
Gaur hiru paragrafo labur egin ordez, bi luze eginen ditugu, aldatzeko, edo. Bigarren hau tutti-fruttia izanen da. 1) Gorka Bereziartuak Argia-ko bere blog gomendagarrian dio idazten denari bainoago idazten duenari erreparatzen zaiola. Idazkiari bainoago idazleari. Batzuek Sarrionandiari Euskadi Literatur Sariko dirua erretenitzen diote idazten ari denari erreparatu gabe. Beste batzuek Sarrionandia mitifikatzen dute idazten duenari erreparatu gabe. Irudi luke batzuek eta bestetzuek Sarrionandia Martuteneko espetxetik atera zuen bafle hartan sartuta nahi dutela betiko, betiko galtzaile, betiko iheslari. Jakina, batzuek eta bestetzuek diogularik zenbaitek esan nahi dugu, ez denek. Beste hainbaten nahia, Sarri kalean sarri. 2) Gero eta mugimendu gehiago izaten ari dira baketze eta normalizazio prozesuarekin lotuak: presoek Gernikako Akordioarekin bat egin dute, ETAk nazioarteko su-eten egiaztatzaileak onartu ditu, Patxi Lopez presoen hurbiltzearen alde mintzatu da... Horren guztiaren aitzinean baikor gara, ez -bakarrik- gure erreferentziazko analistak, Imanol Muruak, baikor izateko arrazoiak badirela esan duelako, baizik eta -batez ere- Aingeru Epaltza, kasu, baikor delako! Mugarri historikoa da, zalantza izpirik gabe, Epaltzak euskal gatazkari buruzko deus baikorrik idaztea, aurrekaririk gabea, eta halaxe egin du. Sarrionandia datorren urtean Euskal Herriko karriketan ikus dezakegula idatzi du. 3) Klasikoek diotenez, “Era un hombre y ahora es poli” (lehen pertsona zen eta orain polizia da). Aforismoa enpirikoki berretsi du La2 telebista kateko Toma la palabra saioak. Hizkuntzarekin, zehazki gaztelerarekin jolasten duen saioa omen, bere egileek diotenez. Ostegun gauean, Espainiako Polizia Nazionaleko eledun bati elkarrizketa egin zioten, polizia operazioei jartzen dieten izen “burutsuei” buruz. Jite horretako izenik politenaz galdetu zioten. Eta Poliziaren eledunak erantzun zuen bazuela kontatzeko oso istorio polita, berriki gertatua. Dirua zuritzen zuen gizon bat atxilotu behar zuten. Bere bikotekideak aurki bion haurraz erditu behar zuen. Jaiotzeko zegoen ume horren omenez, operazioari Taca-taca (taka-taka) izena jarri zioten. Gizon bat bere haurra ezagutu aurretik espetxeratzeari, jaiotzeko dagoen umeari aita kendu eta giltzaperatzeari, halako ekintza gupidagabeari izen guztiz sarkastikoa jartzeari “istorio polit” zeritzon Poliziaren eledunak. Klasikoak dioen bezala, bistan da lehen pertsona zela eta orain polizia dela. 4) Eusko Jaurlaritzak euskara tituluei buruz hartzen ari neurri berritzaileen ereduari jarraiki, hona hemen gure eskaintza berezia. Denboraldi honetako Serio Demonio guztiak irakurtzen duten lagunei EGA oparituko diegu. Eta baldin eta jada EGA baldin badute, Batxilergo titulua emanen diegu. Eta jada Batxilergoa badute, lizentziatura bat. Eta jada lizentziatuak badira, master bat.
(Patxi Huarte Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak 2011ko urriaren 9an Berrian argitaratua)