Maparen koloreak

Euskalerria Irratia 2011ko mai. 25a, 17:00

Elixabete Garmendia

Biharamuneko argazkiak sorpresarik gabekoak dira, irribarreei eta aurpegi itunei dagokienez. Aralarrekoak serio Donostian; Odon Elorza eskuan duen papera jateko zorian, botoen kontaketa jarraitzen; PPkoak besoak altxa eta irabazle ikurra eginez Gasteizen; jeltzaleak moderatuago keinuetan, baina pozik oso Bilbon; Uxue Barkos ukabila erakutsiz Iruñean… Bildukoek Miramar jauregiaren atarian atera dute argazkia, errege familiarena izan zen etxeko eskaileretan, eta bezperako gau luzeak sortuko zizkien begizuloak ere ez zaizkie ageri, pozaren pozez.

Argazki hauen oinarrian BERRIAk koloretan margotu duen udalen mapa dago, bere ñabardura guztiekin. Ñabarduren gainetik, ordea, kolore bat, gehienez bi, dira nagusi Hegoaldeko lurralde bakoitzean.

Atzo analista bati entzuten nion, igandean pintatu zen maparen ondoren, segidan beste aukera bat balego hautesleok hori zuzentzeko, agian mapa aldatu egingo litzatekeela apur bat. Litekeena. Baina gaur gaurkoz hauxe da daukaguna, eta bi ondorio argi eta garbi adierazten ditu.

Lehenengoa, Batasunaren munduak ez duela galdu botoa ematera joateko aukera, eta Bilduk eusten dioten alderdi eta taldeez aparteko jendea ere bildu duela. Bigarrena, Gasteizko Legebiltzarretik ateratako Jaurlaritzak ez daukala zerikusirik mapa honekin. Hau jakinekoa zen, baina orain argazkiek ez ezik, erradiografiak ere horixe erakutsi du.

Hemendik aurrera, udal eta foru gobernuak osatzerakoan, maparen koloreak ez desitxuratzea da kontua.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/05/psh05034.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!