Ninaizgugara

Euskalerria Irratia 2011ko mai. 11a, 09:24

Elixabete Garmendia

Mahai luzearen bueltan eserita dozena bat lagun; mahai gainean koloretako fitxak; fitxekin osatzen da galdera: nor zara zu? Eta erantzuten du gizon gazte irribarretsuak: ni Sophian naiz. Hurrengo galdera emakumezko bati: nongoa zara zu? Erantzuna, kostata: Nikaraguakoa naiz. Hirugarren galdera mutil bati: non bizi zara zu? Andoain bizi naiz. Irakasleak fitxa erakutsi eta zuzenarazten dio: Andoain-en bizi naiz. Eta horrela mahai buelta bukatzerako jakin dugu badirela aljeriar bat, lau marokoar, uruguaitar bat, mexikar bat, txiletar bat, portugaldar bat… horiek Villabonan.

Antzeko mahai batean, Hernaniko taberna batean, Senegal, Brasil eta Pakistango gizon gazte bana ere baziren eta Honduraseko emakume bat. Honek adineko jendea zaintzen lan egiten du; pakistandarrak kafe goxo bat atera zigun, tabernako zerbitzaria baita. Senegaldarra, Adama, orgatxoa hartu eta Usurbilerako autobusera joan zen klasea bukatzean, larunbat arratsaldean, salmentan jarraitzera.

Munduko herrien sorta osatzeko esan beharra dago irakaslea, edo berak nahiago duen bezala, dinamizatzailea, Petra Elser dela, alemaniarra. Berak asmatutako metodoa erabiltzen du, gramatikakerietatik urruti, euskara modu funtzionalean irakasteko. Eta gainera musika eta dantza saioak antolatzen dituzte, multikulturalak ezinbestean.

Argazkiak sarean aurkituko dituzue, BANAIZBAGARA ekimenaren web orrialdean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!