Iritzia: 'Inside job', bai baina... ez

Euskalerria Irratia 2011ko api. 7a, 17:59

Gorka Bereziartua

Posible ote da Christine Lagarde edo George Soros bezalako jendearekiko sinpatia sentitzea, ordu eta erdiz bada ere? Nirekin behintzat, hori lortu du Inside job dokumentalak eta ez dakit hori ona ala txarra den. Tira, bai, badakit: txarra da. Charles Fergusonek zuzendutako filmak dokumental onenaren saria jaso du azkeneko Oscarretan, 2008an abiatu eta luzaroan pairatu beharko dugun krisi ekonomikoaren tripak erakusteari esker. Filmak problemaren abiapuntuan jartzen du finantza sektoreak hamarkadaz hamarkada bizi izan duen des-erregulazio prozesua. Gehitu horri bankarien, aseguru-saltzaileen eta tankerako sarraski jaleen lukurreria, eta buztin bikaina daukazu azken mendeko gainbehera ekonomikorik handienetakoa moldatzeko.

Desastrea eragin zutenetako batzuek dokumentalean hitz egiten dute; beste batzuek nahiago izan dute elkarrizketarik ez eskaintzea. Aurreneko aukeraren alde egin dutenek fabore handia egingo zioten beren buruari, bigarrenek bezala, isilik geratzea erabakita (baina noski, horrela ez zegokeen dokumentalik): behin eta berriz barregarri geratzen dira galdera zorrotz samarrak egiten dizkietenean; zezelka, bai-baina-ezka erantzuten dute; une batez kamera itzaltzeko eskatzen duenik bada, baita bere burua konpromiso handiegian ikusita, elkarrizketa amai dadila agintzen duenik ere. Eta zeure buruari galdetzen diozu, erdipurdiko garun horiek hainbesteko boterea nola lortu duten, nola utzi diegun gure patuak gobernatzen, fundamentu pixka batekin gezurra esaten ere ez dakitenei.

Problema, beharbada, besteak dira, gezurra esaten badakitenak; dokumentaletik beren burua ondo samar ateratzen asmatzen duten horiek. Dominique Strauss-Kahn-ek, filmeko momentu batean, marmolezko aurpegiz dio krisiaren kaltetu nagusiak munduko pobreak izango direla, horrek benetan inportako balio bezala, inoiz haien ongizatean pentsatuz erabaki bakar bat hartu izan balu bezala. Dokumentalak pentsarazten du krisia Wall Streeteko broker deskontrolatu batzuen errua izan dela, kokaina- eta puta-zaleak ere badirenak, bide batez. Eta hori, zaila da irensten.

Zinematik ateratzen zara pentsatuz beste dokumental bat egiteko materiala egongo litzatekeela, honek ukitzen ez duen gai bati helduta bakarrik: nola eman dieten agintari politikoek finantza-erakundeei urtea joan, urtea etorri, nahi zutena egiteko baimena, eta nola joan diren gero atzetik korrika, sortutako zuloa diru publikoz estaltzera. Baina noski, horrek Lagarde eta Soros askoz okerrago jarriko lituzke. Eta, seguruenik, ez zuen Oscar saririk irabaziko.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/04/bereziartua.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!