Perie

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 31a, 12:00

Elixabete Garmendia

1925eko argazkia, sepia kolorekoa. Ordiziako azokaren ondoko kaleetako bat ageri da; gizon taldea kamerari begira, jakaz jantzita gehienak, tartean blusadunen bat; denak txapela buruan dutela. Urte horretan, 1925ean, jarri omen zioten estalkia plazari, azoka –edo perie, Goierrin esaten dugun bezala- babesteko.

Zuri-beltzezkoa da hurrengo argazkia, 60garren hamarkadakoa izan daiteke; oinak dio industrializazio garaian gorakada nabarmena izan zuela azokak. Guk urte horietan ezagutu genuen; batxilerra egiten ari ginela, asteazken goizetako errekreoa azokan pasatzen genuen. Garai horretan, arratsaldeko trenean ez zen falta izaten baserritar gizonezkorik; egun luzea Ordizian pasata, mihia aske eta hankak borobilduta biltzen ziren etxera.

Bostehun urte beteko omen ditu azokak datorren urtean; sute baten ondoren lortu omen zuen herriak perie egiteko baimena. Bost mende hauetan azokak herrian izan duen eragina, hori da historialari, antropologo eta soziologoek kosk egiteko moduko gaia. Eta hor Ordizia bakarrik ez, Goierri osoa sartzen da.

Hemen ez dagoen beste argazki batean aurkitu nuen, orain urte batzuk, Goierriren izaera laburbiltzen zuen irudia: CAFeko pabilioiak behean, gainean mendi malda, eta han, behiak larrean. Azokak bi munduak harremanetan, trukean, jarri izan ditu asteazkenero, hantxe, zutabe neoklasikoen azpian.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/psh04753.mp3]

deskargatu

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!