Liburuak eta entxufeak

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 9a, 12:12

Fermin Erbiti

Nafarroako liburuzainen Elkarteak TK aldizkariaren ale berria karrikaratu du. Joxe Miel Bidadorren omenezko zenbakian "Euskaraz idaztea Nafarroan" erreportaje zabala argitaratu dute, hainbat euskal idazleren iritziekin. Hori bezain interesgarria iruditu zait liburuzainek idatzitako aurkezpena.

Tony Judt idazle britainiarraren "Algo va mal" liburu interesgarria aipatu ondoren, gurean ere gaizki gabiltzala dio. Zergatik? Tristea delako Gobernuak ahazturik dituen euskal idazleen defentsa eta aldarrikapena liburuzainek egin behar izatea. Hemengo euskal idazleen lanaz harro hitz egin beharrean, Kultura kontseilaritza lotsatu egiten dela dirudi, ez ikusiarena egiten duelako. Hori hemen baizik ez dela gertatzen diote liburuzainek. Ba bai, hala da, euskara tartean dagoen guztietan bezala. Gure zoritxarrerako, beren lotsarako.

Argi dago gure agintariek liburutegi handi eta dotorearen inaugurazio-ekitaldia nahiago dutela liburu guztiak baino, batez ere hauteskundeetarako gutxi falta denean. Joan, ikusi, argazkia egin eta baietz lehen bisita azkena izan! Ordenagailuak konektatzeko entxuferik ere ez zela konturatu gabe alde egin zuten.

Gogoratu garai batean liburutegi berria Iruñeko erdialdean eraikitzeko aukera izan zutela, baina El Corte Inglesi eman zioten lehentasuna, normala den bezala. Izan ere, euskal idazleak ez ezik, erdaraz ari direnak ere ez dituzte gehiegi estimatzen, idazlea berez kritikoa delako, eta gauza jakina da agintariek oro har, eta hauek bereziki, ez dutela kritikarik onartzen.

Dena den, gu guztiok ilustratzeko, noizean behin, libururen bat argitaratzen dute: azkenetarikoa Victor Manuel Arbeloaren poema guztiak biltzen dituen liburu mardula. Dendetan agortu bada, lasai egon: Nafarroako liburutegi guztietan aurkituko duzu…

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/erbitimar-8.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!