Heriotza zigorra ospatzen

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 23a, 09:13

Elixabete Garmendia

Besoak gora altxata, irrifartsu oso eta burrunbatsu; argazkiak, entzuten ez diren oihu eta algarak iradokitzen ditu. Helduak, gazteak eta gaxteak, gizonezkoak denak, kalea bete. Beren ekipoak egindako balentria handiren bat ospatzen ari direla dirudi.

Bombaytik dator argazkia eta oinak argitzen du kontua: “Heriotza zigor bat ospatzen”. Heriotza zigorra, 2008ko azaroan Bombayn komando islamista batek eragindako sarraskian parte hartu zuen ekintzaile batentzat da; hain zuzen ere eraso hartatik bizirik atera zen bakarrarentzat. 170 lagun hil zituen komandoak.

“No news is good news” esaldia darama kamixetan ospatzaileen lehen lerroan ageri den gizon burusoilak; esaldi gastatu horrekin bakarrik egin dezake bat, argazkiari begiratzen dionak.

Libiatik albisteak badatoz, horiek ilustratuko dituen argazkirik, apenas. Gaddafiren irudia su hartzeko zorian dago, hildakoz eta manifestariz inguratuta; fotomuntaia da, Libiak Parisen daukan enbaxadaren aurrean  erretzera doazen kartel hori.

Beste Gaddafi bat ageri zen 1974ko apirilean “Diario de Navarra”n ikusitako argazki hartan: militar gazte, guapo bat, Libiarentzat aro berri bat zekarrena. Urteak aurrera joan ahala, esperpento bilakatu da Gaddafiren irudia, megalomaniaren hatzaparretan. Eta neurri berean ari da jokatzen manifestarien aurka, hegazkinak eta artileria bidalita haiek bonbardatzera.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/elxabete-garmendia-ots-22.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!