Iritzia: Tabakaos, benetako parte-hartzearen bila

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 9a, 19:44

Gorka Bereziartua

Atsegin dut politikariak herritarren parte-hartzeaz hizketan entzutea. Iraultza baten sua piztu nahi duenari lehenbiziko txinparta oparitzen diote, gutxieneko baldintzak sortuz, alegia, herritarren kontzientzia. Sinestarazten diete eurek ere badutela zeresana eta zeregina afera publikoen egunerokoan.

Jarrera zinikoa da, noski: polboroiarekin ahoa bete eta hitz magikoak esan. “Parte hartu”. Lerdearekin nahastutako orea mila norabidetan disparatuta ateratzen da baina irentsi, ez dute inoiz irentsiko.

Herritarren partaidetzaz inon hitz egiten bada, kultura da esparru hori. Batez ere proiektu berriren bat martxan jarri nahi denean: innobazioarekin eta teknologia berriekin batera, edozein egitasmo moderno-ustekoren ezinbesteko ezaugarria da parte-hartzea. Paperetan behintzat. Besterik da eguneroko praktika. Burura datorkit Donostia alde honetan, Egiako Tabakaleran zabaldu nahi duten Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunea. Mila bider errepikatu zuten: herritarrek beren gisara eraikitzeko espazioa izango zela, proiektuak bestelako harremana bultzatu nahi zuela populuarekin. Hasierako ideia zikiratu egin zuten agintariek, eta ordura arteko zuzendari Joxean Muñozen dimisioa ekarri zuen; orain berriz, AHTren geltokiarekin bateratzeko asmoa atera da plazara. Etengabe ari da atzeratzen proiektuaren abiatzea; itsuak ikusteko moduan geratzen ari da agindu, kargudunek aginduko dutela berriz ere, eta benetako erabakiak, gortinen kolorea aukeratzeaz apartekoak, beraien esku egongo direla bakarrik.

Parte-hartzea? Instituzioen bidez, lau urtean behin.

Hala ere, esan dut hasieran: uste dut politikariak lan zikina egiten ari zaizkiola balizko iraultzaileari. Eta atsegin dut. Agintzen duen ideologiak ez baitu serio hartua izan nahi, ezta literalki ere; eta diskurtsoetan A defendatzen badute, praxia Z izango da; eta parte-hartzearen diskurtsoa inoiz praktikan ez jartzeko asmoz zabaldu da. Baina “klik!” txiki bat nahikoa izan daiteke dena hankaz gora jartzeko.

Hipotesi zoro samar bat: zer gertatuko litzateke herritarrek erabakiko balute Udalak kultura garaikideko gunea egin nahi duen eraikin berean, horixe, kultura garaikideko gunea egitea; baina oraintxe bertan, instituzioen bitartekaritzarik gabe, eraikina okupatuz, beren kasa antolatuta eta parte-hartzeko ateak parez pare zabalduta? Udal-, foru- eta autonomia-ordezkariak ikusten ditut ñabardura ezinezkoak bilatzen: parte-hartzea esaten zutenean ez zirela horretaz ari, herritarren ordezkariak beraiek direla eta ez herritarrak eurak...

Kaos handi samarra. Ez lukete jakingo nondik heldu. Anabasa pixka bat, desordena, anormalitatea behar ditugu. Tabakaos behar dugu.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/gorka-bereziartua-burutazioa.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!