Anuska
Abilezia berezi bati buruz hitz egin nahiko nizueke gaur. Nahiko nuke nik hori izatea baina ez dut eta ez dut hori duen jende asko ezagutzen.Ez da erraza, ez, agur esatea, baina bada ongi egiten dakien pertsonik, eta haiengandik ikasi nahiko nuke, posiblea delako. Badira gauza batzuk bizitzan kosta egiten digutenak, eta horietan abilak diren pertsonek beste era batean egiteko modurik badela irakasten digute. Eta kontu honek aspaldidanik kezkatzen nau, naizen bezala naizelako.
Ez dakit agur esaten. Imajina ezazu, egoera aski arrunta da: telefonoz ari zara, jada esana duzu esatekoa zena, are gehiago, luze eta zabal hitz egin duzue zure laguna eta biok, egunean jarri zarete, eta ez duzu agur esateko unea aurkitzen... Edo lagun baten etxean, lau aldiz edo gehiago esan duzu aldegitekoa zarela...Edota parranda batean, beti dago “benga, azkena” esaten duen norbait, eta ez dakizu zergatik baina kasu egiten diozu, behin eta berriz. Arazoa ez da joan joan egiten zarela, edo eskegi, eskegiten duzula, arazoa da ez dakizula nola, eta gaizki egiten duzula: kasu arinenean, berandu, eta txarrenean, gaizki. Batzuetan, zure kalterako, egin nahi zenuen beste zerbait egiteko astirik ez duzulako utzi, “jan” egin dizutelako denbora, eta bestetan, besteei kalte eginez, modu txarrean utzi duzulako laguna, agurrik esan gabe edo haserre, erre zarelako, besteari zure ezingonaren errua botaz, edo nahigabe gaizki sentiaraziz.
Hau neurri handiago batean, harremanetan ere gertatzen da, gertatzen zait niri nahiko nuke baino gehiagotan: norbaitengandik nolabaiteko distantzia beharrezko dudanean. Distantzia ez da txarra, askatasunean oinarritutako harremanek beharrezkoa dute norberaren espazioa errespetatzea, baina hain zaila egiten zaigu halakorik adieraztea inor mindu gabe! Eta besteari mina egiteari beldurra diogu. Zenbat harreman mantentzen dira arrazoi honengatik? Nahiz eta esperientziak luzapenek min gehiago besterik ez dutela ekartzen irakasten digun.
Horregatik Carlosengandik ikasi nahiko nuke. Karisma handiko pertsona da. Zergatik? Nire ustez, gauzak ondo egiten dakielako, eta horrek ematen dion askatasunagatik. Zurekin badago, ziur egon zaitezke: zurekin egon nahi du, eta joan egiten bada, inor ez da mintzen, jakin badakielako horren arrazoia, hitz gehiegirik gabe, adierazten. Bere arrazoiak dira, ez dio inori errurik botako, eta bere arrazoiak errespetagarriak irudituko zaizkio edonori. Ez dakit zer egin behar duela, joateko ordua duela, nekatuta dagoela... Edonork eduki ditzakeen zergati berberak, baina berak une egokia aukeratzen du, lasai esaten du, beldurrik gabe, eta, agian inportanteena, elkartzeko momentuan adierazi dizun poztazun bera adierazten dizu, joaterakoan ere, besteak eroso sentiarazten, zurekin pasatu duen denbora gozatu duela garbi utziz.
Erraza da topo egitean poza adieraztea, baina agurrek tristeak izan behar omen dute, eta justifikatuak. Ez dauka logikarik. Bata bestearen ondorioa da eta! Nik ere, Carlos den bezala, nire agurren jabe izan nahi dut, eta besteei modu egokian ulertarazi, hitz gehiegirik, denbora gehiegirik nahaspilatu gabe, luzapenik gabe, hurrengo kaixo baten itxaropena luzatuko banu bezala.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/01/anuska-urt.mp3]