Aitor Etxarte
Barricada musika taldearen liburua ailegatu da etxera. Dotorea, mardula, distiratsua. Argazkiak, testigantzak, dokumentuak, ahalegin handiko lana Pamielak argitaratu duena. Dena laudorioz beterik, kritika edo testuinguruaren azterketarik gabea. Liburua itxi eta gure mundu kulturala, edo edizio lana, ez dabilela ongi iruditu zait.
Musika sistemaren atal honetan egindako ekarpenak azken 30 urte hauetan aztertzean niri beste irudi bat datorkit burura. Tarte honetan euskaraz egin dena omen da apalagoa, txikiagoa, lokalagoa. Eta gogora datozkit musikari interesgarri ia bakarrak euskaldunak izan ditugula: Laboa, Hertzainak, Ruper, Anari edo Lisabö, izen batzuk aipatzeagatik.
Ba al dira gure eremu fisikoan espainolez egindako musikan maila hori lortu dutenik? Nor izan da unibertsalagoa? Literatura, kulturarekin edo nazio artean egin denarekin nork izan ditu lotura estuagoak? Nork atxikimendu handiago bere komunitate kulturalari? Topikoak bazterrean utzita, nork jarri dio hitza eta musika gure denborari?
Dagoena eta ez dagoena gogoan hartzerakoan alderaketak sortzen dira, edo dena eta izan daitekeena buruan bueltaka dugunean. Musikari euskaldunen historiak bere ibilbide eta tradizioa du. Hamaika liburu eta edizio kritiko merezi duena. Honetan ere, gu gara bertako indio, emakume txiro edo beltzak, ikusezinak garelako.
Gutxiagorekin gizon zuri jatorrak plaza erdia betetzen du. Okerrena da guk geuk normaltzat hartzen dugula gure mundu kulturalaren kolonizazioa.
Aimé Cesaire pentsalariak idatzi du “ kolonialismoak beti mintzo da unibertsaltasun- neutraltasun- objektibotasunetik, baina kokapen zehatza dago beti botere erlazioetan. Mito unibertsalistak hiztuna ezkutatzen du, bere kokapena ikusezina duelako”.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/01/aitor-etxarte-urt-24mp3.mp3]