Urteko azken egunak balantzea egiteko aproposenak dira. Zertarako? Batez ere, urtarrilean gure buruari jarri genizkion lanez pentsatu, eta berriro ere huts egin dugula frogatzeko. Horrelakoetan, saio honetan behin baino gehiagotan aipatu dudan liburua irakurtzea bezalakorik ez dago: Stevensonen Eguberrietako sermoia, honako esaldia oparitzen diguna: "Hemen datza helburu onak izanagatik, lan gutxi egin eta porrot asko ezagutu zituen gizona". Xabier Lete zendu berriak ere antzeko epitafio kendu zion Cesare Paveseri: izan zen gizon bat/saiatu zena/baina ez zuena asmatu.
Balantzea egiterakoan, beraz, eskuzabal jokatu. Ahulak gara, ez dago gaizki amestea, baina ergelkeria handia litzateke gure burua zorrotzegi epaitzea.
Gaur, abenduak 21, udazkeneko azken egunean, lehenbiziko Olentzero helduko da Iruñera, San Fermin Ikastolaren eskutik. Urte hasieran erretzeari utziko ziola esanagatik, baietz pipa ortzian duela heldu. Kirola egiten hasteko asmoa ere ezerezean gelditu denez, ezetz aulkitik mugitu tripandia.
Bada, adiskideok, pentsatzen hasita, ikazkina ez da uste bezain "entendimendu gabia": are gehiago, Stevenson, Pavese eta Leteren testuak irakurriak dituela esanen nuke.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/12/fermin-erbiti-ab-211.mp3]