Gabonetan, San Fermin Abesbatzaren musika

Euskalerria Irratia 2010ko abe. 16a, 00:01

Fermin Erbiti

Komunikabide gehienen ohiko jokabideari jarraituz, informazioa eta publizitatea nahastuz eginen dut gaurko telegrama. Argi dezadan, aldez aurretik, goraipatu behar dudan produktuaren salmentak ez didala eurorik utziko, eta salgai jarri dutenak ere ez dituela aberastuko.

Musikaz ari naiz, San Fermin Abesbatzaz hain zuzen: hamabost neska Fermin Iriarteren zuzendaritzapean. Izen bereko ikastolan sortu zenetik, nafar musikagileen lana ezagutarazteko ahaleginak egin ditu, Euskalerrian eta hemendik kanpo ere.

Oraingoan Gabonetako kantuekin datozkigu, guztiak Lorenzo Ondarra bakaikuarrak moldaturikoak: Otsagabia, Zugarramurdi, Baztan eta Durangaldeko doinuak. Horretaz gain, Ave Maria bat eta Asisko San Frantziskoren laudorioak, naturari gorazarre egiten dion kantu ederra: Asisko Frantzisko ekologista agertzen zaigu hamahirugarren mendeko kantu honetan: eguzkia goraipatzen du, eguna eta argia ematen dizkigulako: izar eta ilargia ere, ederrak direlako; ama lurraz ere oroitzen da, loreak eta belardiak ematen dizkigulako; ura, sua eta aizea ere aipatzen ditu, eta baita gorputzaren heriotza, "hortik ihes egiterik ez dagoela" azpimarratuz.

Euskaldunok kantuz sortu, kantuz bizi, eta kantuz igortzen omen ditugu penak ihesi. Kantua, ordea, gero eta baztertuago dago zarata handiko gizarte honetan. Gabon aurreko egunotan ahots ederrak, musika ona eta letra interesgarriak aditu nahi dituenarentzat, hortxe aukera: San Fermin Abesbatzak Lorenzo Ondarraren omenez kaleratu berri duen diskoa.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/12/erbiti-ab.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!