Cava plastikozko edalontzietan

Euskalerria Irratia 2010ko abe. 1a, 01:00

Cava plastikozko edalontzietan. Hala ageri dira gaurko argazkian Artur Mas eta lagunak, eskuineko besoa burutik gora altxatuta, adar bakarreko arbolak balira bezala, eta adar horren puntaren puntan fruitua: plastikozko edalontzi zuria cavaz lepo.

Herrietako festetan tragoa plastikozko edalontzian ateratzen digutenean muzindu egiten zaigu aurpegia. Ba Catalunyako hauteskundeetan irabazle izan direnek ez dute beirazko kopa finik behar izan garaipena ospatzeko.

Ez dute hartu, Formula-1eko pilotoek, podiumera igotzen diren ziklistek edo loteria suertatu zaienek egiten duten bezala, cavazko dutxa.

BERRIAko kronikak dioenez, ezkerreko taldeen artean cava botilak zabaldu dituzten bakarrak, Laportaren Solidaritatekoak izan dira. Talde horretako Gironako burua Toni Strubell da. Errenterian bizi da, Deustuko Unibertsitatean klaseak eman ditu urtetan, katalan hizkuntza irakatsi du Donostiako Espai Catalunya Topalekuan eta ekintzaile porrokatua izan da Salamancako Artxiboko paperak eskuratzeko Duintasunaren Komisioan.

Baditu Strubellek pare bat liburu galdu ezinezkoak: “Honaino iritsi gara” izenekoa, hau da Catalunya Espainiarekin zergatik dagoen higuinduta azaltzen duen lana eta “Un català entre bascos”, gure herria katalanei ulertarazteko idatzitako liburua, eta euskaldunoi ere hainbat gauza ulertarazten diguna, umore finez blai.

Nahikoa arrazoi  Strubellekin topa egiteko, plastikozko edalontzian baldin bada ere.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/12/elixabete-gar-az-301.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!