Izaro Arroita
Egunero, etengabeak dira enkontru eta ez-enkontruak, enkontru izan litezkeenak, hiriko kale eta plazetan. Auzoko arrandegian ere bai.
Ia goizero pasatzen da handik Eusebio edo Jazinto izeneko agure potolokote eta bromazale bat, bi makuluren gainean, oker-oker eginda. Ia goizero pasatzen da, baina ez du beti arrainik erosten.
Pozik, erdi oihuka hitz egiten du Errealak irabazten duenean, eta irribarre bihurri eta harroaz, ume batek bezala, kontatzen du Errealaren gol bakoitzeko larrutaldi bat izaten duela emaztearekin. “Echo un kiki” dio berak. Larru-bizian ikusten omen ditu gainera, partiduak: “Munduratu nintzen bezala” esaten du, “baina Errealeko bufandarekin”.
Halako batean Carmina edo Pilar sartzen da arrandegian: laurogei urtean gora doan emakumea, beti bezala, 10-15 zentimetroko takoia duten zapata gastatuen gainean eta pinta-pinta eginda. Beti bezala, antxoa bila.
Eusebio edo Jazintoren makuluek dar-dar egin dute Pilar edo Carminaren takoiei begira. “Penalti!” pentsatuko du akaso, aspaldiko garaiak gogoan. Edo inbidia emango dio hor gainean ibiltzeko abileziak.
Emakumea ez da ohartu ere egiten gizona begira duela. “Frexko egiten du, bai. Zenbatean daude gaur antxoak?” esaten du, bisiguei begira. 32 urte dira senarra falta duela. Eta behar bada hori pentsatzen du, bisigua zela haren jakirik gogokoena. Edo agian ez dauka pentsamendu zehatzik buruan. Zaila da bere aurpegiari begiratuta esaten. Auskalo. Edonola ere, eszena hori gehiegi da arrain begientzat.
Eusebio edo Jazinto eta Pilar edo Carmina izan daitezken horien xehetasunak galdu egiten dira nini edo betseinen ertzetan. Eta legatzak ahoa zabalik, arnasik gabe begiratzen du izotz artetik.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/11/izaro.mp3]