Angel Erro
Idazteari uzteko metodorik zabalduena, idazleen artean, heriotza da (idazlearena berarena), eta drastikoa irudi badezake ere, %100era doi hurbiltzen den eraginkortasuna frogatuta dauka.
Ranking-eko bigarren aukeraren, isiltzearen, hautua askoz idazle gutxiagok egiten dute. Ez da inondik inora lehenbizikoa bezain efektiboa, besteak beste, itzulgarria delako eta gauza gutxi daudelako isiltzea bezain obratzen gaitzak. Haragia ahula da eta Samuel Becketti edo Marcel Duchampi bezala gerta dakioke isiltzailegaiari, edo are okerragoa litzatekeena, Jorge Oteizari bezala, eta bere isilunearen oihulari bihurtu.
(Honetan edo antzeko zerbaitean pentsatuta, arrazoi berezirik gabe, Isilaldi Handia film alemaniarra ikusteko gogoa piztu zait, isiltasun botoa duten monje multzo bati buruzkoa, ez dakidan arren, zarata mundutarrak setiaturik, zerbaiterako balioko lidakeen. Ordainduko nuke filmaren iruzkin bat, Felipe Juaristik idatzia, orain leitzeko: hitzaren isila eta isilaren hitza ulertuta ni neu ere hitziltasunaren misiolari egiteko.)
Honetan edo antzeko zerbaitean pentsatu dut bi euskal idazlek idazteari uzteko erabakiaz oroitu naizenean. Jon Alonso eta Agota Kristof (euskaraz baino ezagutzen ez dudana) dira. Penatuko ninduen, baina aldi berean, eta hau azaltzen zaila da, poztu ere bai; nolabaiteko inbidia hartzen diet, literatura, eta bizitza bera ere, horren serio hartzeagatik.
Galdetzen diot neure buruari euskal literaturaren egoera, Anjel Lertxundiren hitzetan, desorekatuak izanen ote duen honetan zerikusia. Hemen etsia lehenago, irakurleak urrunago eta dena gezurrago. Edo arrazoi sakonagorik al dago atzean, nik ulertzera oraindik ausartzen ez naizena?
Hona Salgado Bozak, honetaz agian, zer dioen: “Walser, seguruenik, iritsi da idaztea sobera dagoela, inskripzio lan oro aldez aurretik alferrikakoa dela, konbentziturik egotera. Berezitasun baten erakusketa egolatra baino ez da, eta idazleak, bere senean balego, beretako gordeko luke, eta ongi arduratuko zen berezitasun hori, batez ere etorkizunerako, isilpean gordetzeaz: Kafkak hau bazekien baina Max Brodek ez, bera Kafka ez zen neurri berean.”
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/11/erro.mp3]