Agdaim Izik-eko kanpalekua

Euskalerria Irratia 2010ko aza. 9a, 19:00

Elixabete Garmendia

Gaurko argazkiari giro soinua gehitu behar zaio; erakutsi baino gehiago iradoki egiten duen argazki horietako bat da. Haima batzuk hareatzan; lehen planoan mutil bat bi hatzekin garaipen ikurra eginez; ez zaio aurpegirik ikusten, kontra argian dago-eta. Han barrenean, sutea ke beltza dariola, goizaldeko zeru garbia zikinduz. Tartean, bigarren planoan, emakumezko bat eta gizonezko bat kamerak eskuetan; kamera txikiak, ez profesionalenak.

Atzo Youtuben zabaldu ziren irudiek ere ez ziruditen profesionalenak zirenik. Ikusi, ezer gutxi ikusten zen. Iradoki: anabasa, ikaragarria, sarraskia adierazten duen horietakoa. Giro soinuak ematen zien indarra eta adierazkortasuna irudiei;  ez ziren entzuten sahararren uluak, gure irrintziaren antzeko horiek. Ez, izuak eragindako oihuak bakarrik entzuten ziren, milaka, bereizi ezinak, mundu guztian berdin berdinak diren horietakoak, etenik gabeko soinu banda osatuz.

Agdaim Izik-eko kanpalekua blokeaturik zeukaten agintari marokoarrek, ezin zen ez inor sartu, ez inor irten; harik eta indarrez zanpatu duten arte, airez eta lurrez.

Hogei mila lagun omen zeuden kanpalekuan, adin guztietakoak; basamortuan zehar hamazortzi kilometro iheska egin behar izan dituzte, Aaiunerantz.

Fronte Polisarioari gerran sartzea eskatzen omen diote.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!