Iritzia: Ibaien berdea

Euskalerria Irratia 2010ko urr. 25a, 18:27

Josi Basterretxea

Euskal Autonomi Erkidegoko errekek eta ibaiek eman didate atentzioa. Protesta egin dute asteburu honetan, protesta ikusgarria. Izan ere, berde kolore fosforeszentez itsasoratu baitira gure ibaietako urak.

Abiadura Handiko Trenaren aurkako ekintzaileek tindatu dituzte urak hogei bat ibaitan. Tindurak ez du areagotu ibaien ohiko kutsadura, margo ez-kaltegarria baita, geologo eta espeleologoek euren lanetan erabiltzen duten ohikoa.

Margolari berdeek azaldu dutenez, ekintzak bilatu duena izan da salatzea Abiadura Handiko Trenaren lanek ibai eta ur-emarietan eragiten duten kalte ekologiko nabarmena.

Ibaien protestak gogoratu dit ezen Abiadura Handiko Tren hori berexi zamarra ere badela. Hain da berexia eta abiadura handikoa ze, geltokirik ere ez baitauka herrietan. Eta nire buruari galdetu diot: geltokirik ez izatekotan, bagoirik behar al du tren horrek? Eta bagoirik ez izatekotan, errailik beharko al luke?

Aizue lagunok, nahiago nuke herrietan geratuko litzatekeen tren bixkor xamar bat. Hartu ahal izateko modukoa. Lanera, trenean joan ahal izateko. Iruñeako lagunak bisitatzeko, trenean joan ahal izateko… Azken finean, trena ikusi eta erabiltzeko. Eta ez bakarrik entzuteko haren ziztua gure herriaren gainetik pasatzean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!