Iritzia: Gabatxoak

Euskalerria Irratia 2010ko urr. 21a, 15:52

Aingeru Epaltza

Arrunt kontu espainola iruditu zait beti frantsesen kontra gure artean hain hedaturik dagoen aurreiritzia. Eta ez bakarrik gure arteko abertzalerik abertzaleenak gabatxoez gaizki erranka hasten direnean –sanferminetan, kasu- iparraldeko euskal herritarrez aritzen direlako.

Akizeko, Paueko, Bordeleko, Tolosako, Nantesko edo Parisko jendeez ere orokorkeria ergeletan ari denean iruditzen zait bereziki ergela hemengo jendea. Miseria handiak dituen herria da Frantzia, baina zer ikasia ematen digu etengabe. Egun hauetan, konparaziorako.

Bederatzigarren greba eguna dute hexagonoan, Sarkozyk erretiroan eta kontratazioetan sartu nahi dien ziriaren kontra. Bederatzi sindikatu dabiltza bat eginik. Langileak kalean, eta ikasleak langileekin, beren etorkizunen alde. Hori dena hemendik laurogei kilometrora gertatzen ari da, ez Marten edo Saturnon. Hemen handiagoak sartu nahi dizkigute, baina lasai demonio dabiltza sindikatuak, langileak eta ikasleak. Eta are lasaiago hemengo Sarkozy guztiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!