Banskyren ondotik, Zaldeiroa
Zurrumurrua bolo-bolo dabil, hitzetik hortzera: Zaldieroa Donostian izan da. Batzuek diote Paseo Berrian ikusi dutela. Bestetzuek, Fermin Calbeton kalean egin dutela topo berarekin. Areago, kale horretako komun batean Zaldieroarena izan litekeen marrazkia aurkitu ei dute, Xaxa katua irudika lezakeen zirriborroa eta esaldi bat: “Patxik hemen egin du edan, jan, lo”. Tabernako nagusiari ez ezabatzeko eskatu diote. Badiote, halaber, Interneten Zaldieroarena izan litekeen animazio bat azaldu dela. Pernando Amezketarra marrazki bizidunetako sarreraren bertsioa omen, egiazkoa bezala hasi baina gero oso ukitu ilun eta gordina hartzen duena, bertsolarien esplotazioa salatzeko, batez ere egunero elkarteetan afaltzera, edatera, erretzera eta abestera behartzen dituzten bertsolari nerabe zein adinduen egoera. Baina beste zurrumurru guztiz kontrajarri bat ere sortu da. Horren arabera, Zaldieroa ez da existitzen, artista talde batek egiten ditu ustez bereak diren lan guztiak eta Lakasta ere ez da existitzen, asmakizun hutsa da, Zaldieroaren lagun moduan sorturikoa. Artista talde berberak idazten omen ditu Lakastak sinaturiko testuak. Zurrumurru horien guztien aitzinean, Zaldieroak eta biok argitu nahi dugu existitu existitzen garela. Baina Donostiako Udalak gurekin Banksyrekin sortu duen polemikatxo misteriotsuaren antzeko bat sortu nahi badu, akordio batera irits gaitezke. Diru pixka baten truke, prest geundeke zurrumurruak indartze aldera bolada batez desagertzeko, tarteka Donostiara bisita egiteko... Oharra: paragrafo hau ulertu ez duenak bila dezala Banksy Interneten
Eskarmentuaren paperak, hitzaldietan sartzear
Tabernan basoerdi batzuk edaten ari ginela jakin genuen Anjel Lertxundirentzat zela aurten saiakera arloko Espainiako Sari Nazionala. Poz handia hartu genuen. “Euskaldun batek irabazi du!”, oihukatu zuen Zaldieroak. “Euskaldun guztion garaipena da!”, gaineratu nuen nik. “Halaxe erreakzionatu zuten espainiar nazionalista eskuindarrek Nobel Saria Vargas Llosari eman ziotelarik”, erantzun zigun Txikiteroak, gupidagabeki. Zorionez, eta espero zitekeenez, idazle oriotarra zentzudunagoa izan zen adierazpenak egiteko tenorean: “Uste dut epaimahaikideek ez dutela erabakia hartu kupo linguistikoen arabera”. Eta ironia ere ibili zuen, erdarazko hedabideen hamaika galderari erantzun eta gero. “Erdara ikasteko” balio izan ziola esan zuen: “Normalean ez dut erdarazko horrelako saio askorik egiten”. Ona. Albisteak asko pozteaz gain asko harritu gintuen; izan ere, Lopez lehendakariak oraindik ez du Lertxundi behin ere aipatu bere hitzaldietan, eta uste genuen hori ezinbesteko baldintza zela euskal idazle batek Espainian saria lor zezan. Esan gabe doa Lopezen mintzaldiak idazten dituztenek aurki Lertxundiren aipuren bat erabiliko dutela. Edo bat baino gehiago, orain arte baztertu izana konpentsatzeko. Kasu lehendakariaren hurrengo hitzaldiari. Lehen hitzak hauexek izan litezke, aidanez: “Zuekin Konpainia noblean nago eta Zorion perfektua sentitzen dut. Beraz, ez dut Ihes betea egiteko batere gogorik. Norbaitek Zoaz infernura, laztana esango balit ere, ez nuke alde egingo. Beraz, Mentura dugun artean hemen geratuko naiz, zuen Gogoa zubi eta Munduaren neurriak lagun”.
Kazetaritza, burutik erraietara
Gaur, amaitzeko, Txileko tutti-fruttia. Bat: pozik gara Txileko 33 meatzariak onik erreskatatu dituztelako. Triste gara munduko hedabide nagusietan kazetaritza gero eta arrosagoa delako, informazio orokorra txutxu-mutxu saioetan bezala jorratzen dutelako. Adibide paradigmatikoa: Espainian ustez erreferentziazkoa den egunkariaren webgunean, elpais.com-en, bideojoko antzeko bat eskegi dute. Koadro batean, meatzarien argazki bana. Irudi horietako edozein sakatuta, izen abizenekin batera, datu guztiz pertsonalak. Adibide erreal bat: banandurik dago, amorante bat dauka, semea ere badu baina ez du batere maite... El Pais bainoago, Vaya Pais. Martxa honetan, Belen Esteban -bihotz (edo errai) saioetako izarra- eginen dute egunkariko zuzendari. Bi: beste ñabardura bat elpais.com-eko bideo joko antzeko horren kontura: Gorka Bereziartuak dioen bezala, argazkiak bata bestearen alboan ikusita, hark euskal presoen kartela ematen du. Ez litzateke harritzekoegia Aresek ertzainak PRISAren egunkariaren egoitzara bidaltzea, irudi horrek terrorismoa goresten duelakoan. Hiru: Txilen beharginen %24k kontraturik gabe egiten dute lan. Bolivian 13.000 adingabek lan egiten dute meategietan. Baina inork ez ditu erreskatatzen. “Lurperaturik gaudenean besterik ez gaituzue ikusten”, halaxe zioen meatzarien senideen karteletako batek. Zer pentsa ematen du. Agian desagertzeko zorian den Lodosa eta Sartagudako ikastolako haurrak 800 metroko sakoneran lurperatu beharko lituzkete gela ilun batean, norbaitek behingoz erreskata ditzan. Gaurko Nafarroa Oinez festan lorturiko diruaren %20 emanen diete.