Osasuna-Reala eta beroketa ariketak

Euskalerria Irratia 2010ko ira. 21a, 06:00

Denboraldiko lehen euskal derbia, Osasuna eta Realaren arteko norgehiagoka, zuzen-zuzenean eskainiko du Euskalerria Irratiak gaur, ilunabarreko 19:45etatik aurrera. Talde gipuzkoarra Lehen Mailara itzuli da eta askok poz handiz hartu dugu gorritxoen eta txuri-urdinen arteko derbien berpizkundea. Beste batzuk, antza, ez horrenbeste, beroketa ariketa nahikoa deigarriak egiten ari baitira.

Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkaria realzaleen "mendeku goseaz" mintzo zen atzo, azken orrialdean. Gose horren ustezko zergatia, talde gipuzkoarra jaitsi zelarik nafarrak ez ziola irabazten utzi. Bere garaian, Athleticekin jite bereko jokaldi mediatikoa egin zuten, eta ederki atera zitzaien. Ea oraingoan osasunazaleei ez dieten gola horren erraz sartzen.

Edonola ere, beti bezala Aritz Ibañez, Asier Azpilikueta eta Juan Kruz Lakasta Sadar erreka ertzeko futbol zelaiko kabinan izanen dira; Igor Escudero eta Amaia Lasa, Irrintzi Dorreko kontrol gelan; eta Ibon Gaztanbide, etxean, osatzen. "Partida honetan garaipen bat lortu nahi genuke, Iboni eskaini ahal izateko", adierazi du Lakastak, talde osoaren izenean. Arazo bakarra, Euskalerria Irratiko kirol taldeko kideek ezin dutela zelaira jaitsi, erremateak egitera. Golak, ezinbestean, Osasunako jokalariek sartu behar dituzte, eta ezin esan daiteke horretan asmatzen ari direnik: denboraldiko lehen hiru partidetan behin ere ez dute urratu aurkarien atea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!