Iñaki Irisarri
Joan den astean, jakina denez, simulakro bat egin zen zezen-plazako kalejoian. Osasun zerbitzuak prestatzea eta hobetzea zen helburua, eta ziur aski lortuko zen hori. Baina simulakro hura ikusi eta gero, halako gogoeta egin, eta konturatu nintzen gurean simulakro asko eta asko egoten direla, eta, gainera, entzierroko hori ez bezala, oharkabean pasatzen direla haietako gehien-gehienak. Esate baterako, gure agintarien ahotan iraunkortasuna, errentagarritasuna, zuhurtasuna eta beste hainbat tasun aditzen ditugun bakoitzean simulakro handia dago, gero, errealitatean, Los Arcoseko zirkuitua eta halako obrak egiten dituztelako, hau da, zabaldutako hitz eder haietatik beste muturraren puntan daudenak. Halaber, simulakro hutsa da, antzerkia besterik ez, kulturaren hiriburua izan nahi izatea eta Iruñean kontrolpeko kultura elitista bat besterik ez bultzatzea, edo, baita ere, sanferminen aldarrikapena egitea mundu zabalean, eta aldi berean kaleko giroa ito nahi izatea festetan, bidenabar bultzatuta, gainera, sanferminak erakustea museo bateko hormen artean itxita, momia baten antzera.
Tira, gaur San Joan bezpera da, eta gau egokia izan daiteke gustuko ez ditugun hainbat gauza sutan erretzeko; eta ez, ez naiz orain simulakroei buruz ari, simulakroak berez ez baitira gaiztoak; askoz okerragoak dira, dudarik gabe, simulakroak egiten ari direla esan gabe, behin eta berriz simulakroak egiten eta gezurrak esaten dituztenen asmo gaiztoak; horiek, nire aldetik, sutan ikusiko ditut gaur gauean.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/06/simulakroa.mp3]