Iritzia: Hanturak

Euskalerria Irratia 2010eko ekainaren 7a

Angel Erro

San Agustinek bereziki, eta Elizak oro har, tumeszentziarekin izan duten zerikusi gatazkatsuaren berri ongi ematen du Hiponako santuaren adagio honek: “hantutakoak handia dirudi baina ez da osasuntsua”. Egunero errepikatzeko moduko esaldia da, arrazoi berezirik gabe beti irribarrea sorrarazi didana, seguruenik ia gauza guztietan bigarren zentzua, gehienetan lizuna, aurkitzeko joera umetsua, adinarekin txikiagotu ez zaidana, dela kausa.

Hala ere, gero eta gehiagotan San Agustinekin ados egoteko motiboak aurkitzen ditut. Aste honetan, irakur zaletasunari buruzko hausnarketa eskatu didate. Irakurtzearen prestigio faltsuaz aritu naiz. Eta aipatu ez ditudan arren, bi kasu izan ditut buruan: bata, irakurle klubak, gure hiri-herrietan gero eta ugariagoak. Irakurketaren inguruko dinamismoa isla zezaketen, baina nik kontrakoa ikusten dut; bakarkako lana den irakurketa sozializatzeak ariketa horren krisia eta minorizazioa baino ez dezake adierazi. Irakurle klubek autolaguntza taldetik dute. Modu berean, hemen, Burlatan bolillo egitera etxekoandre eta etxekojaun batzuk elkartzen dira; hain zuzen ere, bolilloa egitea hilik dagoelako.

Baina irakurtzea ariketa hila al da? XXI mendeko gure bizimoduan esango nuke baietz, fenomeno soziologiko moduan bederen. Ohitu beharko dugu hobby trataera ematera, oraindik inertziaz mantentzen duen prestigioa galdu ahala. Nire (eta zure) belaunaldia izan daiteke azkena irakurketa baloratzen. Edo, ñabardura bat ezartzearren, fikzioa hizkien bidez jasotzen. Fikzioak, epikak aurkitu du bitarteko hobeak. Baliteke letrek anputazio hori bere gain hartu ahal izatea.

Hantura osasungabe gehiago: liburuak gero eta potoloagoak dira, best-seller neurria guztiz da hanpatua. Irakurtzeko denbora (eta kasik gogoa) ez duten irakurleak errugabe sentiarazteko? Kontatzearen porrota da?

    [audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/06/hanturak-erro.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!