Iritzia: Athleticen (futbolaren) handitasuna

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 28a, 11:00

Idurre Eskisabel

Dudarik gabe argazki garrantitsu bezain astuna aukeratu dut gaurko, gure ingurutxo honetan eragin, pisu eta botere handikoak baitira irudian ageri diren bost gizonak: Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, Mario Fernandez BBK-ko presidentea eta Fernando Garcia Makua Athleticeko lehendakaria -bakoitzak erabaki dezala eragin eta botere handikoena zein den-.

Traje eta korbata serioekin baina keinu alai eta umoretsuarekin ageri dira bostak, algaratsu, garai beltz-beltzak bizi ditugula behin eta berriz errepikatzen duten arren, ospatzeko zerbait balute bezala.

Eta halako zerbaitetan ari dira, Bilboko San Mames Barria futbol estadio erraldoia izango denaren lehen harria jartzeko ekitaldikoa baita argazkia, atzo eguerdikoa. Bost gizon arranditsu horiekin batera beste zenbait lagun ageri dira, ezezagunak. Batetik, edadeko gizon bat, igandetako arropekin jantzita; Federico Urieta Athleticeko bazkiderik zaharrena omen. Bestetik, sasoiko gizon mozkote bat, t-shirt eta bermuda guztiz jatorrekin, hiruzpalau hilabeteko haurra besoetan duela. Eneko Vivanco omen da umetxoa, Ahtleticeko bazkiderik gazteena. Haren aita besotan eusten duen morrosko jatorra.

Nahasketa islatzen du argazkiak: mezetara joateko trajea eta herriko-ko bermudak elkarren ondoan; zaharra eta gaztea; aberatsa eta pobrea; espainiar nazionalista, euskal abertzalea eta munduko hiritarra; handia eta txikia; polita eta itsusia; guztiak elkarrekin nahasian. Hori omen Athleticen handitasuna, badakizue, talde bat baino gehiago.

San Mames Barria, 11 gizon beste 11ren kontra baloi baten atzetik ostikoka ibiltzeko eraikiko duten leku hori, "egiazko herri proiektua" dela esan du ekitaldian Garcia Makuak . Ameto eman diote gainerakoek. Ez ameto bakarrik: Jaurlaritzak, Aldundiak eta BBK-k 55 milioi euro emango dituzte bakoitzak estadioa eraikitzeko, noiz eta krisirik gorrienaren alarmak piztuta ongizate ereduaren desmantelazioan murgildu diren honetan. 11 milioi euro jarriko ditu Bilboko Udalak Zapateroren dekretazoak udalei zorpetzea debekatu dien garaian. Baina "egiazko herri proiektua" omen San Mames Barria. Nik ez dut ulertzen zergatik, baina egitasmoak milaka eta milaka lagunen nahi eta itxaropenak asetzen dituela aintzat hartuta, tuntuana eta motza neu izango naiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!