Oskorri, susmagarri

Euskalerria Irratia 2010eko maiatzaren 18a

Polemika Lizarran, 'Euskal Herrian euskaraz' kantuaren kontura

Oskorriren Euskal Herrian euskaraz kanta abestu zuten Lizarrako Remontival ikastetxe publikoko ikasleek, hango Euskara Departamentuak antolaturiko euskararen astearen baitan. Harrigarriki, horrek polemika itzela eragin du. Nafarroako prentsako dekanoak gaur argitaraturiko informazioaren arabera, ikastetxeko gaztelerazko irakasleek kexu formala aurkeztu dute, guraso elkarteko bi kidek dimisioa eman dute eta zenbait gurasok haien seme-alabek kanta hori ez abesteko eskatu dute. Zergatik? Testuingurua aintzat hartu gabe itzuli dituzten letraren bi pasarterengatik: "Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada bota dezagun demokrazia zerri askara" eta "Bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz".

Gaur Nafarroan eskela gehien argitaratzen dituen egunkariaren azken orrialdean irakur daitekeenez, "ustez defendatzen duten hizkuntza horretan egiten den irakaskuntzak eragiten dituen mesfidantza betikotzea, besterik ez dute lortzen letraren bultzatzaileek".

Oskorrik, trantsizio garaian, 80ko hamarkadaren hasieran, sortu zuen Euskal Herrian euskaraz kanta, Xabier Amurizaren bertsoak baliatuz. Garai haietakoak dira Txiki eta Otaegiren afusilamenduaren karietara sorturiko Al alba, edo Rafael Albertiren poema batean oinarrituriko A galopar. Horiek ere debekatuko al dituzte? Izan ere, Oskorriren kantarekin ibili duten irizpide zurrun bera erabilita, esan liteke lehenak terrorismoa goresten duela eta bigarrenak erailketaren apologia egiten duela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!