Jon Orzaiz
Eguna heldu zen, eta baita iragan ere, eta orain, argazkia besterik ez zaigu gelditzen. Egunkarietako argazkia. Wally bagina bezala, ehunka bururen artean geurea topatzen saiatzen garen hori. 15.000 izan al ziren? 50.000? Nafarroan euskararen alde inoiz egindako manifestaziorik handiena izan zela diote batzuek.
Bestetzuentzat, berriz, Iruñean azken urteetan burututako jendetsuena. Tira, niri bost. Dakidan bakarra zera da: ni nenbilen puntutik manifaren burualdea ez zela ikusten, ezta atzealdea ere. Horrelakoxe jendetsua zan zen. Eta kito. Milaka eta milaka pertsona bildu ginen bertara. Nafarroako Gobernuari esan genion euskaraz bizi nahi dugula, eta horretarako baliabideak bideratu behar dituela. Bere betebeharra dela, eta ez duela aitzakiarik.
Nire aldamenean zihoan gizon bizardun batek esan bezala, «es que lo que está haciendo el Sanz es una barbaridad». Apur bat aurrerago, emakume batek hitzorduaren garrantzia azpimarratu zuen: «A estas movidas hay que venir, porque quedándose en casa no se consigue nada». Haurrek ere bat egin zuten gurasoen konpromisoarekin: «Ama, a Unai le han dado bandera y a mí no». Horren guztiaren gainetik, pozik nago. Milaka euskaltzale bildu ginen Iruñeko karriketan larunbatean. Ea hemendik aitzinera beste pausotxo bat ematen dugun, eta milaka euskaltzale izatetik milaka euskaldun izatera pasatzen garen. Hori bai hori, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko modurik onena.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/jonorzaiz201005171.mp3]