Iritzia: Gizarte laguntzak desagartzen hasi eta jarraitu zutenekoa

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 14a, 14:13

Aitziber Sarasola

Azken egunotan makina bat aldiz ikusi dugun argazki eta irudiaz mintzatu nahiko nuke gaurkoan. Argazkian ez da jende andana ageri barre algaran, ez eta haur saldoa haien bozkarioa agertuz, edota heldu pila bat haien jubilazioaren gozoa irudikatuz. Ikusi ditugun irudietan Munduko Diru Funtsaren lehen eraginak jasaten hasiko garela ageri da.

Gizarte mailan hasiak dira murrizketak. Funtzionarioen soldatak jaitsi, haurrak izateagatiko dirulaguntza eten eta bestelakoak. Jokotik kanpo sumatu genituen ordu batzuetan gainera Erkidegoetako lehendakariak, bakoitzarenean izanen duen eragina zenbatekoa izanen ote zen adierazi ezinik. Nafarroako Gobernuak emana du berea, eta baietz; Espainia laguntzeko balio badu, Nafarroa izanen dela lehena. Eskuindarrak kritikatu egin dituzte, berandu, apal, lekutik kanpo eta abar ikus ditzakegu haien egunkarietako titularretan; baina Espainiarentzat ona bada aurrrera, txintik esan gabe.

Beldurra ematen dit datorrenak. Ikusiko modu honetan hasi denak zein jarraipen izanen duen bai gizarte mailan zein osasungintza publikoan. Gure politikariek defizit publikoa estaltzeko izenean hartuko dituzten neurriek beldurra ematen didate. Jada zigortuak diren diru apurrek ez ote duten krisiaren aitzakian are gehiago sufrituko. Kulturaz ari naiz eta euskaraz ere ari naiz. Lehen zartatuak eta zaurituak ziren kontuak ez ote diren are makurtuago ikusiko, hemen Nafarroaz ari naiz, baina orokorrean Euskal Herrian ari naiz.

Ez dut aditu ordea zenbat zuzedaritza eta zenbat batzorde ustel desdegingo diren entzuten. Gainera denoi trena, Abiadura Handiko Trena etorri zaigu gogora eta jada aurreratu digute; Castejonera kosta ahala kosta ailegatuko dela, baina handik aurrerakoak zalantzan daudela. Beraz, lasai nafarrok, Castejonera bixkor ailegatzen ahalko baikara; orain, handik aurrera ikusiko.

Egoera ekonomiko honek adabaki bidezko bidea egina duela esan dezakegu. Adabakiak jartzen jarraituz gero, langabezia eta halako adierazleek etenik gabe gora jarraituko dute, baina hemen ez da ezer konponduko. Irauli beharra dago ekonomia eta irauli beharra dago politikagintza orohar. Denetara ere honen aurrean langile eta kaltetuoi kexa eta haserrea adieraztea baino ez zaigu geratzen. Hasteko eta behin ni bihar arratsaldeko 18:00etan Golemetatik abiatuko naiz Euskaraz bizitzeko eskubidea daukadala aldarrikatzera.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/aitzibersarasola20100514.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!