Iritzia: Ilunpeko forma eta soinuez

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 18a, 19:16

Izaro Arroita

Gauez esna eta egunez lo bizi den gautxoriak badaki gauzak diruditena izaten direla, baina diruditen hori aldatu egiten dela eten gabe. Gauzak “argitu” direla esaten dugu errealitatea azaleratu dela uste dugunean… argirik gabeko errealitateak ere badirela ohartu gabe. Gautxoriak ordea, gainerakoak baino hobeto mugitzen dira mundu paralelo horietan; ongi ezagutzen dituzte ilunpeko formak eta soinuak.

Badakite, esate baterako, ahuntzak, gauerdian, eztula egiten duela. Eta, aldi berean, hirietako biztanleek, zurrungaka, akordeak osatzen dituztela, melodia ezezagunak. Inork gogoratuko ez dituen ametsak, mamuak, azaleratzen dira orduan eta dantza egiten dute zurrunga-sinfonia-subkontzientearekin.

Soinuak ez bezala, koloreak itzali egiten dira ilunpetan. Sukaldean, galdu egiten da fruta-ontziko sagarraren gorria, harraskatik behera joan izan balitz bezala. Eta formagatik, ukituta, edota usainduta baino ezin da bereizi ondoan duen platanoarengandik. Sukaldeko mahaiak hilotz dirudi zapiaz estalita. Baina azpian, gauaren babesean, korrika txikian aritzen dira labezomorroak, oinatzik utzi gabe.

Kalean berriz, dendetako erakusleihoetan, maniki itsuek aparkatutako kotxeak zaintzen dituzte burdinazko sareen atzetik. Eta probageletako ispiluen aurrean ez da ezer ikusten. Ez dabil inor, hutsik daude kaleak, baina badakigu hor jarraitzen dutela, gautxori “iluminaturen” batek hala esan digulako.

Egunsentirako, gautxori ez direnak esnatzerako, kaleak, kotxeak, mundua ihintzez janzten dira, kezko gortinaz, zerbait hastera balihoa bezala. Baina gautxoriak badaki itxurakeria dela.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/izaro-arroita-mai-17.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!