Aita familiakoa
Oso aita familiako jatorra zen, baina bazituen hiruzpalau akats: alkoholikoa zen, ludopata eta erosle konpultsiboa. Etxea berripotekatu zuen, bere bizio horiek guztiak ordaindu ahal izateko. Eta hipotekako eta berripotekako kuotei ezin zienez aurre egin, kontsumorako hamaika mailegu ere eskatu zituen. Porrot ekonomikoaren ertzean zegoela, kutxako bulegoko zuzendariak esan zion ezin zuela hala segitu, hondamendira zihoala, maileguak eskazteari utzi eta gastuak murriztu behar zituela. Aita familiakoak gastuak murriztu zituen, bai: seme-alabei igandeko paga kendu eta amonarentzako botikak erosteari utzi zion. Kopetilun mintzatu zitzaien senideei: “Niri zuei baino min handiagoa ematen dit neurri hauek hartzeak, baina gastuak murrizten ez baditugu, zulora goaz”. Erabakiok hartzeak zein seme-alaben eta amonaren aurpegi goibelak ikusteak zapore garratza utzi zioten. Garraztasun hura urtze aldera, etxepeko tabernan kubata edan zuen. Berehala animatuago sentitu zen, eta pokerrean ari ziren lagunekin eseri zen, partida jokatzera. Gehienetan bezala, galdu egin zuen. Plasma pantailadun telebista digitala erostera joan zen, sentsazio triste hura ahanzteko xedearekin. Ez zuen, jakina, hura erosteko aski dirurik. Beraz, kontsumorako beste mailegu bat eskatu zuen. Iruditu zitzaion gastuak murrizteko hartu zituen neurri zorrotzak hartu eta gero haren egoera ekonomikoak berehala eginen baitzuen hobera, eta hartara mailegua eskatzea ez zela horren larria.
Kapitalismoa bersortzen
Txisteak azaltzea baino okerragorik ez da. Baina horixe eginen dugu. Tripetatik ateratzen zaigu. Gure -haien- gobernu zorpetu, alkoholiko eta ludopatek funtzionarioei soldata jaitsiko diete, eta erretiratuei pentsioak murriztuko. Alta, ez diete haien bizioei uko egin nahi: Abiadura Handiko Trena, Los Arcosko zirkuitua, gastu militarrak. Espainiako Estatuak 15.000 milioi euroan murriztu behar omen du gastua zor publikoa kontrolatze aldera. Aurtengo aurrekontuetan, gastu militarrak 18.160 milioi eurokoak dira. Eurofighter hegazkin bat kostatzen denarekin bi ospitale egin daitezke. Hiru misil tomahowk-ek balio dutenarekin, haur eskola bat. Hiru tanke pizarrorekin, bi institutu. Urdailaren mintzoa. Panfletario jarri gara. Badakigu diskurtso demagogikoa dela. Ez, ordea, haiena baino demagogikoagoa. Espainian presio fiskala zein gastu soziala Europako Batasuneko batez bestekotik oso behera daude. Zein izanen Espainiaren arazo ekonomikoak konpontzeko errezeta, eta zergak jaitsi eta gastu sozialak murriztu. To eta no. Neoliberalismoak hondamendira eraman gintuela eta kapitalismoa bersortu behar zutela esan ziguten. Eta bersortzen ari dira, bai, Ongizatearen Estatuaren zama gainetik kenduz, neoultraliberalismorantz abiatuz. Bagoaz zuzen-zuzen heriotzeraino, ez dago hartzeko biderik. Argiak itzali egin dira, bukaera goxoa, bagoaz...
Beharrik Nafarroako Gobernua dugun
Amaitzeko, tutti-fruttia. Bat: Aresek terrorismoaren gorestearekin loturiko salaketa anonimoak egiteko zabaldu duen telefonora deitu dugu eta webgunean sartu gara. Eta salatu nahi dugu ez digutela salaketa onartu. Salatu dugu Zapaterok pentsioak izoztea terrorifikoa dela. Eta Espainian lau milioi langabetik gora izanda enpresarien elkarteko presidente Diaz Ferranek despido librea aldarrikatzea terrorismoa gorestea dela. Baina, harrigarriki, ez digute batere kasurik egin. Bi: Zertaz ari ginen jabeturik, Txikiteroa ohi baino luzeago baina beti bezain sakon mintzatu zitzaigun: “Ba niri oso zerbitzu erabilgarriak iruditzen zaizkit. Gero eta zailagoa da jakitea zer den delitu eta zer ez, gero eta gauza gehiago baitira delitu. Iazko udan Ertzaintzak presoen argazkiak ez ezik arrano beltzak eta, areago, bokata zerrendak ere kendu zituen. Oso ongi dago telefono bat izatea, deitzeko eta galdetzeko txosna batean Athleticen bandera jartzea edo txistorra tx-z idaztea terrorismoa gorestea den ala ez”. Hiru: euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko manifestazioa Iruñean. Aspaldiko partez, Nafarroako euskalgintzak bat egin du Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politika suntsitzailearen aurka. Manifestaziora joan ginen, kritikatzeko, salatzeko, oihukatzeko. Txikiteroa gurekin izan zen. Eta, beti bezala, labur baina sakon, oso sakon mintzatu zitzaigun: “Zer ongi datorkizuen Nafarroako Gobernua”. Ez genuen ongi ulertu. Azalpen gehiago eman ere eman zizkigun: “Askoz gehiago dira euskaraz dakiten nafarrak, euskaraz hitz egiten dutenak baino. Ziur zarete erru osoa Nafarroako Gobernuarena dela?”. Ups.
(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak maiatzaren 16an Berrian argitaratua)