Iritzia: Berlinen bandera gorria

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 11a, 11:26

Aitor Etxarte

1945eko maiatzaren 8an bandera gorria. Atzoko egunarekin Sobietar Batasuneko ejertzitoak Berlin menpean hartu eta Europako muinean sortu ziren faxismoekin bukatu zuen.

Orain ezin da biolentziaz hitz egin. Ezin da, ez bada gizartearen propagandarako mekanismoekin bat egiteko. Denak derrigorrez bakezaleak omen, biolentzia mota guztien aurkakoak gara, basapizti horiek egiten dute bakarrik, arbuiagarria da beti, salbuespenik gabe, erabilpena ezin da inoiz justifikatu, biolentziarekin lotzen diren ideiak kutsatzen dira, estigmatizatzen ditu erabiltzaileak, bere ondokoa eta ondorengoak, gerra justurik ez dago, pertsona baten bizitzak edozein utopiak baino gehiago balio du, ….

Guztiak topiko eraginkorrak, edozein idazlan, tertulia edo solasean ezinbesteko ideiak. Biolentzia da ikusten den hori, hobe esanda, erakusten den hori, bestea normaltasun da, ikusten ez dena ez delako biolentzia. Pobrezia, zapalketa edo injustizia, ageriko biolentzia bezala, modatik kanpo dira. Itsusia, gustu txarrekoa, tokiz kanpokoa da horren guztiaren aipamena egitea. Zer esanik ez, muturreko biolentziaren paradigma den gerra bera. Gure buruetatik oso urruti jarri nahi dugu. Mundukoak beste muturrean dira- Irak, Palestina, Afganistanen edo-, gertuagoak memoriatik ezabatu ditugu, baina gerra da gizartearen lege nagusia, biolentzia den bezala. Ez ikusi arren, begiak itxita ditugunean ere.

Wilfred Owen poeta ingelesak 1918an gerra, gaztaroaren bukaera, erailketak, mutilazioak eta ankerkeria idatzi zituen hildako lagunak gogoan:

Jar ezazue hemen, eguzkipean/ behin edo behin iratzarri zuelako bere ukimenarekin/ eta lur basaz xurxulatu./ Beti, Frantzian ere, iratzartzea lortu zuen,/ goiz honetaraino, lur hotz honen gainean./ Zerbaitek iratzartuko balu/ hori eguzki zaharrak daki bakarrik.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/05/aitoretxarte20100510.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!