Iritzia: Annapurna

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 7a, 07:24

Josetxo Azkona

Gaur, mendira joanen gara, baina ez inongo tontorrera igotzeko asmoz, baina, bai, ordea, mendiari buruz mintzatzearren.

Maurice Herzog eta Louis Lachenal goi-mendizale eta eskalatzaileei dagokie Annapurna, hau da, gure planetako lehen 8.000 metrotik gorako mendi tantaia zapaldu izanaren aintza eta loria. Egundoko balentria hura, orain dela 60 urte egin zuten, 1950ean, hain xuxen.

Espedizio hark bi hilabete pasatxo iraun zuen, eta laguntzaile mordoxka eta sherpa sail oso bat haiekin batera aritu ziren gogotik, harik eta, azkenik, bi frantsesek gaina bereganatu zuten arte.

Ang-Tharkey izan zen sherpen burua, eta nahiz eta bi europarrekin batera Annapurnako gaina zapal zezakeen, ez zuen egin, sherpa haientzat Himalaiako gainak jainkoen eremua zirelako, ez gizakumeenak.

Nolanahi den, igoera hagitz gogorra izan zen guztientzat. Izan ere, beste hainbeste neke eta oinaze handiren artean, bizitza bera ere galtzeko moduan egon ziren bi mendizaleok.

Gerora, handik hiru urtera, Maurice Herzog-ek liburu eder bat idatzi zuen, “Annapurna. Lehen Zortzi Mila” izenekoa. Herzog-ek espedizio hari buruzko informazio, kontakizuna eta zertzeladak eta, batik bat, berak bizi izandakoa era atsegin batez eraman zuen liburura.

Herzog, heriotzatik gertu izan zen Annapurnan, eta oso hitz esanguratsuak darabiltza, herioaren hatsa hain gertu sentitzearen ondorioz.

Ondorengo hitzak kendu dizkiot Herzog-en liburu horri, gaztelaniazko itzulpenetik neronek euskarara moldatutakoak, ondorengoak datozenak:

“Hil-zorian nengoela -dio Herzogek- sumatu nuen zein ote zitekeen bizitzaren esanahi ezkutua: alegia, ikusi nuen zintzotasuna duinagoa dela indarra baino”.

Izan gaitezen, bada, betiere Herzog mendizaleari jarraiki -izan gaitezen, diot-, zintzoak.

Zeren eta, eta joandako astean Annapurnatik heldu zaizkigun batzuen eta bertzeen azalpenak ikusita, badirudi, goi mailako mendizaletasuna halako gaitz larri batek jota dagoela: elkarrekiko bekaizkeriarenak, norberaren nahikeriarenak, bertzearekiko errespetu faltarenak...

Labur erranik: mendizaleen elkarlanean, giza balioetan eta -zenbaitek destaina puntu batez izendatuko zuten- “mendizaletasun erromantikoan” oinarritutako ikuskera mota bat desagertu da kasik dagoeneko, balio horiei bertzelako batzuk -fama hutsa, lehen-lehena izatearen xede itsua, hedabideekiko morrontza eta merkatu balioak- gailendu zaizkielarik.

Horrela ulertu behar da, nire ustez, gaur egun, eta goi mailako mendiaz ari garelarik, dagoen giro nahasi, itsusi eta penagarria.

Zorionez, han-hemenka, bertze ildo bateko goi-mailako eskalatzaile eta mendizalerik bada oraindik, indartsuak eta zintzoak, kazetari, kamara eta fokuei bizkarra ematen dietenak.

Lionel Terray-ek, mendiaren inguruko artista handi horrek, “ezdeusaren konkistatzaileak” izendatu zituen gisako mendizale horiek.

Bai, hala da, halakoak pozik bizi dira beren alferrikako lanetan, kirtenkeria guztietatik aski urrun.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/josetxoazkona201005061.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!