Iritzia: Matxinada irudiak

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 6a, 13:40

Idurre Eskisabel

Ezinbestean, Greziatik iritsitako irudiak aukeratu ditut gaurko. Atenasen izandako istiluak islatzen dituzten argazki eta bideo asko ikusi ditut komunikabideetan, baina bi irudi geratu zaizkit bizi-bizi begi ninietan: batetik, sua; manifestariek han eta hemen piztutako sugarrak. Bestetik, ehun mila bat lagun Legebiltzarraren atarian, haserre, beren senetik aterata. Matxinada irudiak.

Nazioarteko komunitateak gerrikoa estutzeko eskatu dio Greziari; Greziari eskatu dio ahalegina, sakrifizioa, estu eta larri ibiltzea. Baina Grezia, horrela, osotasunean eta handiz, ez da ezer. Milioika greziarren batura baino ez da maiskulaz idazten dugun Grezia hori, eta, beraz, herritar horietako bakoitzari eskatu zaio ahalegina, sakrifizioa, estu eta larri ibiltzea.

Eta horren aurrean, haserre erreakzionatu dute milaka lagunek. Atenasko kaleak sutan jarri zituzten atzo, krisia lehertu zenetik egin duten hirugarren greba orokorrean. Areago, banku baten bulegoari su eman eta barruan zeuden hiru lagun hil ziren.

Arrazoi guztia dute greziarrek haserre egoteko. Arazoa ez dute eurek sortu, baina eurei eskatzan zaie konpontzeko, larrutik ordainduta. Baina zertara bideratuko da haserre hori? Sortuko al du arazoaren oinarrian dagoena ikusteko biderik? Hau da, hutsegiten duena sistema kapitalista eta espekulatzailea bera dela ohartzeko buru argitasunik? Beste eredu batzuk saiatzeko energiarik?

Nahiago nuke hanka sartzea, baina ezezkoan nago. Duela 2 urte krisia gainera amildu zitzaigunean argi ikusi genuen sistema bera zela akatsduna, hutsegitea berezkoa duela, eta diskurtsu hori hasi ginen zabaltzen geure burua ezkerrekotzat eta aurrerakoitzat dugun guztiok -noski, alderdi eta sindikatuak buru zirela-.

Baina berehala sartu zitzaigun beldurra, lagunarteko solasaldietan hain azalekoak iruditzen zaizkigun gure aberastasun xume horiek galtzeko izua (etxea, autoa, autokarabana, eskiak, Londresko asteburu pasak...). Bizi guztian jendaurrean bankuen kiebra aldarrikatzen aritu ostean, etxeko intimitatean haien salbamenduaren alde hasi ginen errezatzen. Hala segitzen dugu oraindik, gero eta ikaratuagoa, errosario amaiezinean gu ez garela Grezia behin eta berriz errepikatzen.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/idurreeskisabel201005061.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!