Iritzia: Sos

Euskalerria Irratia 2010eko maiatzaren 4a

Josetxo Azkona

Erreskate hitza entzun orduko, larritasun egoera bat datorkigu burura. Erreskateak, hala, erran nahi du norbait gorriak eta bost pasatzen ari dela, eta, horregatik, salbamendu taldea abian jarriko dela kinka larrian dagoen pertsona edo gizatalde hori onik ateratzeko.

Aspaldi luze honetan, ordea, beste adiera bat erantsi zaio arestian adierazitakoari. Orain, erreskate hitza loturik dago jardun ekonomikoari; eta hura bolo-bolo darabilte mendebaldeko politika eta ekonomia alorreko agintariek finantza-munduak bizi duen zorabioaz mintzo izateko. Bestela erranik, dirutza publikoaren bidez bermatu edo erreskatatu nahi da krisiak jotako sektore jakin bat, hein batean, sistema bera pikutara joanen ez bada.

Horra hor, kasu, Estatu Batuetako ultra-liberalen negozio espekulatiboen iruzurkeriaren afera hura, Madoff jauna iruzurgilerik iruzurgileena izan zelarik. Bankuek aparteko dirutza jaso zuten sektore publikotik. Halaber, diru-laguntza eskeka ari dira orain hegazkin konpainiak, Islandiako zeru erraustuengatik izaniko galera itzelak tokian tokiko estatuek arindu ditzaten.

Europako Ekonomia Erkidegoan antzeko musika entzuten da Greziari buruz. Eta ez Sirtaki delakoa, hain xuxen. Bai, oker bultzaturiko politika ekonomiko bat dela medio, zorrez gainezka eta zorrok kitatu ezinik bizi dira greziarrak aspaldion. Alegia, beren bonoak hutsaren hurrenak dira haien jabeentzat. Horiek horrela, erreskatera joanen zaizkie gainerako estatuak, gogoz kontra bada ere, Greziak hondoa zeharo jo ez dezan, eta, aldi berean, haren gaitzak hura bezain ahul dauden ekonomiak ez kutsatzearren: Portugal, Irlanda, Espainia...

Baina, estatuaren inpartzialtasuna ez ote zen merkatuaren funts eta ardatzetako bat?

Goiz da jakiteko zer gertatuko den diru-salbamenduarekin. Baina bertzelako erreskate lanetan arian-arian gertatu ohi den zoritxarra aintzat hartuz -erreskatean maniobra oker bat egiteagatik (halabeharraren eragina, ahantzi gabe) maiz elkarrekin hiltzen baitira bai salbatu beharrekoa eta bai salbatzailea ere-, ba, tentuz jokatu beharko dute salbatzaileok honakoan, kalterik gabe atera dadin ez bakarrik Grezia, baizik eta baita Europa osoa ere. Hain xuxen, hain da galbidetsua eta paradoxaz beteriko salbamendu hau.

Bien bitartean, goraka doaz langabetuak. Sektore honentzat, baina, inork ez du larrialdietarako erreskate planik abian jartzeko inolako premiarik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!