Iritzia: Esperpentoa

Euskalerria Irratia 2010eko maiatzaren 3a

Jon Orzaiz

Gaurkoan, argazki esperpentikoa hautatu dut. Hiztegiari erreparatuz gero, zera ikusiko dugu, esperpentoa Valle-Inclán-ek sortutako genero literarioa dela. Bertan, errealitatea deformatu egiten da, alde grotesko eta barregarriak indartuz, eta gaurko irudia horren ondoan agertu beharko litzateke hiztegi guztietan, definizioarekin bat egiten duelako, bete-betean.

Txantreako bizilagun batek bidali dit argazkia. Larunbatean atera zuen, goizaldeko 4etan, Alemanes pasealekuan. Udalaren garbiketa kamioi bat dakusagu bertan, belardira ura botatzen. Barcinak uste zuen zelaia putzuz beteta, bizilagunek ezin izanen zutela kaldereterik ospatu. Azkenean, bost metro koadro besterik ez zuten hondatu, eta barregarri gelditu ziren. Baina gure alkate txit agurgarriak izan zituen bestelako buru-kolpeak ere. Jada erabiltzen ez diren farola zahar guztiak Alemanesen deskargatzea otu zitzaion. Hori bai intelligentsia! Groucho Marxek berak ere ez zukeen ideia zoroagorik izanen. Azkenean, ez Barcinaren piszinak ez farolek ez zituzten bizilagunak geldiarazi, eta euren plan diabolikoa aurrera eraman ahal izan zuten: hau da, patatak zuritu eta kaldereteen inguruan jai egun atsegina igaro.

Dena den, irudian deigarrien egin zaidana garbiketa kamioian ikus daitekeen eslogana da: «Iruñea, gu geu». Arrunt adierazgarria, eta gaurko galderari erantzuna ematen diona. Zer da esperpentoa? Bada, «Iruñea, gu geu».

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/jonorzaiz201005031.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!