Gernikako Estatutua da bedeinkatua

Euskalerria Irratia 2010eko apirilaren 28a

Erkidegotasun bikoitza

XXI. mendeko eztabaida identitatearena da. Nahiz eta batzuentzat albiste txarra izan, beti itzuliko den eztabaida da». Ibarretxe lehendakari oihak esana da. Eta egia berdaderoa da: identitatearen eztabaida nonahi eta noiznahi sortzen da. Esate baterako, Zaldieroa eta bioi zalantza identitario latza sortu zitzaigun ostegunean, Goñi Tabernan, telebistaren aurrean: ba al dago aldi berean nafar eta euskalautonomiaerkidegotar izaterik? Guk une hartan horixe izateko gogo bizia sentitu genuen. Izan ere, telebistako esatariak iragarri zuen aurrerantzean urriaren 25a jai eguna izanen dela euskalautonomiaerkidegotarrentzat, Gernikako Estatutuaren urteurrenaren kontura. Eta guri, nafarrak izanda, bikain letorkiguke jai egun hori azaroko eta abenduko foru-akueduktua are gehiago luzatzeko. Baina hori egin ahal izateko, nazionalitate bikoitza... barka, erkidegotasun bikoitza beharko genuke. Orain serio: bistan da Estatutuaren eguna asmatuz, Lopez lehendakariak beste neurri pragmatiko bat hartu duela krisiari aurre egiteko, Ibarretxeren garaietako obsesio identitarioak bazterrean utzirik. Jaurlaritzako iturrietatik jakin ahal izan dugunez, Lopezek prest du EAE ekonomikoki berpizteko beste neurri guztiz eraginkor bat: EAEko himnoa normalizatzea, Gora ta gora guztiz identitarioa bazterrean utziz eta Gernikako Arbola birmorldatuz, gaurkotuz, normalizatuz: “Gernikako Estatutua / ta Konstituziyua, / euskaldunen artean / guztiz bozkatuak. / Eman ta zabal itzazu / haien artikuluak, / adoratzen ditugun / arau sakratuak”.

Manolo bonboduna, munduko herritar hori

Ibarretxek bereziki, eta abertzaleek oro har, obsesio identitarioek itsuturik segitzen duten bitartean, alderdi ez-abertzaleek herritarrei egiazki interesatzen zaizkien gaietan aurrerapausoak egiten segitzen dute. Adibidez, joan den astean, Espainiako futbol selekzioari Nafarroako Erresuma futbol zelaian jokatzeko gonbita egitea onartu zuen Iruñeko Udalbatzak, UPNren eta PSNren aldeko botoekin. Hori da hori abertzaleei kosmopolitismo lezioa ematea. Abertzaleak beti dabiltza haien euskal selekzio zatikatzailearekin gora eta behera. Ez-abertzaleek, berriz, guztiok batzen gaituen, izaera unibertsala duen, munduko hoberena den Espainiako selekzioa gonbidatzen dute. Abertzaleek munduan barrena bidaia gehiago eginen balituzkete, ez lirateke horren itsuturik egonen. Izan ere, abertzaletasuna bidaiatuz gainditzen den gaixotasuna da. Horren erakusle ezin hobea, Manolo el del bombo (Manolo bonboduna) goitizeneko Espainiako selekzioaren jarraitzaile sutsua. Milaka eta milaka kilometro egin ditu haren taldearen atzetik, hainbat eta hainbat herrialdetan izan da haren taldea animatzen, eta esan gabe doa munduko herritar eredugarria dela, kosmopolita erabatekoa. Bitartean, Nafarroako Gobernuak 150 irakasle kontratatzeari utzi dio, dirua aurrezte aldera. Txikikeriak, Del Bosqueren mutilek Manolo bonbodunaren laguntzaz nafar haurrei eskainiko dieten unibertsaltasun lezioaren alboan.

Hiru gertakari paranormalak

Bat: iragan asteburuan, 36ko gerran Nafarroan, fronterik gabeko lurraldean, frankistek hildako 3.400dik gora pertsonei omenaldia Iruñeko Gaztelugibelean, haietako asko afusilatu zituzten harresietatik gertu. Hamaika aurkezpen eta hitzaldi. Horietan guztietan euskaraz esandako hitzak: zero. Ez zuten, sikiera, kaixo edo agur esan. Euskarari doakionez, memoria historikoaren aldeko ekitaldian amnesia historikoa. Bi: Abiadura Handiko Trenaren finantzaziorako akordioa adostu dutela-eta, PSNk publizitate paskina sartu zuen aurrekoan Nafarroan soilik zabaltzen duten egunkari batean. Hartan Jose Blanco ministroa eta Roberto Jimenez Nafarroako sozialisten idazkari nagusia elkarri bostekoa ematen ageri dira, abiadura handiko tren baten aurrean. Zer goiburu jarriko irudiari eta “Sozialistok hitza betetzen dugu”, nork eta hauteskunde kanpainan gobernu aldaketaren alde agertu eta gero hauteskundeen ondotik UPN Gobernuan mantendu duen alderdiak. Hiru: aste honetan jakin dugu Batasuna bilerak egiten ari dela alderdi politikoekin, EAJrekin elkartu dela publiko egin baitute. Egibarrek dio Batasunak azaldu diela bide politikoen aldeko apustu zalantzarik gabea egin duela. Bikain. Baina, zer dio The Organization-ek honetaz guztiaz? Zertan ari da The Organization? Jabetu al da pelota basqua haren teilatuan dagoela? Jabetu bada, kasu eginen al dio? Ez bada jabetu, nola da posible ez jabetzea? Hau badoa ala ez doa?

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak Berrian argitaratua, 2010eko apirilaren 25ean)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!