Iritzia: Purgazio benereoak

Euskalerria Irratia 2010eko apirilaren 27a

Josi Basterretxea

Arantza Quirogak jo dit ninietan. Bere irribarre eder horrekin, bere jaka arrosa inpekable horrekin ikusten ari naiz argazkian. Gernikan egon zen atzo, eta lore-eskaintzan hartu zuen parte. Bere historia gogoratzen zuen Gernikak atzo. Frankok aginduta, alemaniarrek burututako bonbardaketa eta sarraskia gogoratzen zituen, errepudiatzen zituen.

Gasteizko Legebiltzarreko presidente eta Euskal Autonomi Erkidegoko Alderdi Popularreko presidente-ordea, hor zen. Quiroga hor zegoen.

Ordu batzuk lehenago, adierazpen gordinak egin zituen, historiaz eta euskaraz.

Zioen historiari buruz, ezen ez dagoela zertan odola hainbeste berotu, Gerra Zibila gogoratzean. Hura pasatu zela, eta pasatua dela. Ez dela hainbesteko grinarik behar frankismo hura salatzeko.

Zioen euskarari buruz, hizkuntzaren babesean gehiegikerian ari dela erortzen euskal gizartea. Ondo dagoela “bigarren hizkuntza errespetatzea” dio, baina hura eskatzea lanpostu bat eskuratzeko, larregizkoa dela.

Duela ez asko, Arantza Quirogak preserbatiboen aurka, kondoien aurka hitz egin zuen. Suelto hitz egin ere. Eta hara, hauts horietatik egunotako lokatzak… Gaixotu egin da Quiroga, antza.

Purgazio benereoak baino, purgazio politikoak itsatsi omen dizkiote. Ondo zaindu behar da norekin ibili.  Izan ongi entzule, gaur zortzira arte.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/josibasterretxea20100427.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!