Iritzia: Terroristak

Euskalerria Irratia 2010eko apirilaren 26a

Jon Orzaiz

Terroristez bete ziren atzo Donibane auzoko karrikak. Lasai asko ibili ziren, ramegante, inguruan zeuden polizien beldur ez zirela agerian utziz. Jai giroan egin zuten manifestazioa, dantzan, iruindar peto-peto eta zintzoen atsedena urratuz, eta auzo osora euren kalapita jasangaitza hedatuz.

Euskal dantzak, gaitak, txistuak... dena zen abertzaletasun erradikalaren gorazarre, dena apologia. Terrorista helduek seme-alabak ere eraman zituzten manifestaziora, txiki-txikitatik euren ideologia subertsiboa ikas dezaten. Badakizue nolakoak diren kontu hauek: halako ekitaldietan aitatxoren eskutik helduta hasten dira, eta handik zenbait urtera, poliziaren kontra harrika amaitzen dute, edo okerrago oraindik: hautagaitza ilegaletan parte hartzen.

Euskal musika eta dantzekin batera, panpin handi eta grotesko batzuk ere kaleratu zituzten, manifestazioaren izaera politikoa kolorez mozorrotu nahian. Zortzi ziren panpin erraldoiak: lehenengo biek errege-erregin itxura zuten –geure monarkia parlamentario demokratikoaren lepotik trufa egin nahian akaso–, baina okerrena horien gibeletik zetorren, gainontzeko erraldoiek islamista piura ezin nabarmenagoa baitzeramaten.

Hortxe, ETAren eta Al-Qaedaren arteko loturaren froga definitiboa! Ulergaitza da gure Udalak neurririk hartu ez izana halako ekintza filoterroristak debekatzeko. Atzokoa bezalako ekimenekin, ez da harritzekoa ANVko zinegotziek manifaren antolatzaileak txupinazoa botatzeko proposatu izana. Baina ziur nago geure alkate zintzoa ez dela terroristen tranpan eroriko, eta ez duela suziriaren ohorea erraldoien konpartsaren esku utziko.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/jonorzaiz20100426.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!