Argazkian gaur, emakume bat ageri da instituto bateko atarian. Emakume honek buruan zapi bat darama; chadorrarekin joan ohi da eskoletara. Aste honetan eztabaida zabaldu da Madrilgo eskoletan eta errebotez hona ere ailegatu dira kalakak. Oso gai zaila da niretzat, zaila egiten zait iritzi bat ematea. Zaila egiten zait neure posizioa argi izatea, bada, saiatuko naiz zerbait argitzen.
Batetik erlijioak agintzen duen zapia dakusat buruan. Emakumeari daukan gauzarik ederrenetako bat estaltzeko eskatzen dion erritual erlijiosoa; ile beltz, luze edo motz, eta zaindua, kalpar ederra. Emakumeak harrotasun handiz bere egiten du elementu hori gainera, ohitura segi nahi omen du. Defendatzaile sustsuena da gainera. Alde horretatik ez dut zapi hori batere maite.
Baina beste aldetik irmoki eta sutsuki uste dut bakoitzak bere buruarekin, besteri kalterik egiten ez badio behintzat, nahi duena egiteko eskubidea duela. Zapia buruan jarri nahi duela? Ba jar dezala!, 8 belarritako nahi dituela eta 4 piercing? Minigonekin ia ipurdia erakutsiz ibili nahi duela? Berak ikusiko du! Baina zapi malapartatu horren kontua ez da hain erraza.
Kasualitatea baita, beti horrelako estali beharrak emakumeok egin behar izatea, burka ere emakumeek eramaten dute eta hori ere, zer esango dizuet? Nik ikustea tokatu zaidan aldi bakanetan inpresioa sekulakoa izan dut! Beti emakumeak izan behar, ezkutuan, estaliak eta gizonaren harrotasuna piztuko duten elementuak bistan uzteko beldurrez! Zangoak, bularraldea, ilea, aurkegia, gorputza...dena da pekatu gizon harroarentzat, dena da sexurako dei, beti emakume zarpaila harreske!
Amorrua ematen dit kontu horrek. Ikusi ditut agintariak debekatu egin behar dela eginez batzuk eta ezetz bestek! Debekatu eginen luketeela esaten duen horietako batek, ziur seme-alabak hiri honetako unibertsitate mimatuenera eramanen dituela, ziur! Eta han kontuz ibili beharko du; ez minigonarik, ez eskote handiegirik, makilajea ere neurrian... zein da ba chadorra eta bakoitzak nahi eran jantzi nahi izatearen arteko aldea? Bestetik nazkatu xamartuta nago agintariek eta Elizak eta hainbeste jendek! Nola bizi behar dugun esateaz. Bakoitzak badu nahiko heldutasun zer eta nola egin nahi duen erabakitzeko ezta? Baina, nik oraindik ere ez daukat batere argi zapi horrekin zer egin beharko litzatekeen. Eta zuk entzule?
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/aitzibersarasola20100423.mp3]