Hitz berri bat piztutzera goaz, Euskal Herriko zeru lexikoan
Ramegante hitza, neologismoa, Berriako kazetari eta etxe honetako kolaboratzaile Iñigo Astizen testu batean sortu zen, kasualitatez, hitztripuz, maketa aldrebes batek Ramon Saizarbitoriaren izena eta Julio Soto bertsolaria elegante aritu zela zioen esaldia uztartu zituelarik. Beraz, etimologiari erreparatuz, adjektibo sorberri honek dotore esan nahi du. Ez gara, baina, edozein dotoreziaz ari, baizik eta, zehazki, Julio Sotok Ramon Saizarbitoriaren elegantziaz abesten duelarik darabilenaz. Edonola ere, asmaturiko beste edozein azepzio onartzeko prest daude hitzaren bultzatzaileak. Izan ere, neologismo honek baditu bultzatzaileak. Haren eufoniak txunditurik, hainbat lagunek Ramegante 2011 Ekimena sortu dute,haren erabilpena sustatzeko xedearekin: ramegante, jalgi hadi plazara!
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/inigoastiz20100414.mp3]
Egun batean izarren hautsa bilakatu zen hitz berri. Zehazki, aurtengo martxoaren 20an. Egun horretan, Berriako kazetari Iñigo Astizek Nafarroako Bertsolari Txapelketako kronika idatzi zuen. Ordenagailuan tekleatu zuen lehen esaldia, “Elegante bukatu zuen Julio Sotok Lesakan jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala”. Patua, baina, arrunt apetatsua da. Testua maketan sartzeko tenorean, ez zuten erabat ezabatu Ramon Saizarbitoria aipatuz hasten zen beste testu bat, eta uztarketa horretatik hitz berria sortu zen. Apirilaren 21ean egunkari honek argitaraturiko kronikan, honako hau irakur zitekeen: “Ramegante bukatu zuen Julio Sotok…”.
Zoriak ramegante neologismo dotore, eufoniko, misteriotsua oparitu zigun. Eta hainbat letrazale berehala jabetu ziren oparia, harri bitxia, profitatzearen garranztiaz. Facebook-en Ramegante 2011 ekimena sortu dute. Bultzatzaileen artean, Astiz bera, Iban Zaldua, Gorka Bereziartua eta beste. Haien helburua, 2011rako google bilatzailean ramegante hitzaren 500 erreferentzia agertzea -horretarako, idazleen, kazetarien, letragileen, buletin ofizialen itzultzaileen laguntza eskatu dute- eta Euskaltzaindiak ramegante hitza bera onartzea.