Iritzia: Egun moreak

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 30a, 16:09

Aitor Etxarte

More ilun. Dena ohikoa da, betikoa, errepikatua, errutina egina. Berriro ere manifestazioan narrazio ezagunaren irudi higatuak, gezurrezko legionarioak, zaldiak eta gorotzak, argizari tantak kalea zikintzen, mozorro susmagarriak, danbor zarata, cruzada santua egin zutenen ondorengoak, sotanaren azpikoa eta kanpokoa zikinak dutenak, haur kantari zerutiarrak, arreta handirik gabe garagardoa eskuetan hori dena pasatzen ikusten dutenak.

Berriro ere beti negarrez ari den ama baten irudi krudela, sadismoaren sinboloa gurutzean biluzik, torturaren zauriekin, lurrera begira eta oinutsik diren gizonezkoen egun bakarreko menpekotasun sinbolikoa, sentimenduen espektakulua parte hartzaileen ustezko minarekin.

Berriro ere Nabarreria auzoaren kaleak okupatzen erramu eta olibondoko adaxkaz, oihal morearen barruan edo serrano kalearen itxuraz, familia anitzez inguraturik eta bakarka, igandez apaindutako hegoamerikarrak, Iruñeko betiko bertakoak edo opus deiri esker bertakotuak,

Berriro ere, azken ehunka urteak bezala, ustezko nagusitasun morala erakutsiz, espiritualtasunaren maila gorenaren adibide direla esanez, salbazioaren bidea seinalatuz, balore bakarrak beraienak direla aldarrikatuz.

Bertrand Russellek esana du: protestanteak zintzoak izatea dute gustuko eta horretarako sortu dute teologia. Katolikoak, aldiz, nahiago dute gaiztoak izan eta teologia auzo lagunak zintzotzeko asmatu zuten.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/03/aitoretxarte201003291.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!