Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Iritzia: Gizon gonadunak

Euskalerria Irratia 2010-03-29 08:42  Iruñea

Idurre Eskisabel

Sustatun aurkitutako argazki bat aukeratu dut gaurko. Egun-egungoa izan arren, txuri-beltzean dago, eta 30 bat urte inguruko mutila erakusten digu, handi xamarra ematen duen hiri bateko espaloi bazterrean.

Modernito itxura du: bisera buruan, patila luzeak, okozpeko bixarra, txanodun izerdi-jertse iluna, eta motxila sorbaldatik zintzilik. Alegia, “mutil arrunt bat”, pentsa dezakezue, Iruñean edo Donostian osteratxo bat ematerakoan edozein bazterretan aurki daitekeen horietakoa.

Ba ez, gure mutila guztiz diferentea da; kostako zaizue Iruñean edo Donostian halakorik topatzea. Izan ere, izerdi-jertse txanoduna gona plisatu batekin darama konbinatuta. Bai-bai, ongi entzun duzue, gonak dauzka jantzita eta ez dago mozorrotuta. Gona darama praken ordez. Besterik gabe. Egunero milioika emakumek bezala. Funtsean, jantziei eta modari dagokionez egungo mendebaldeko gizarteetan daukagun taburik handienetakoa hautsi du: gizonezkoa izaeta eta gona uztartzea.

Emakumeok urteak daramatzagu tradiziotik heredatu ditugun gonak ez ezik maskulinoaren ikur diren prakak janzten. Eta, zinez, diotsuet, aberastu egin gaitu aukera horrek, tradizioak araututako feminitate eredu mugatzaileari maskulinitatearen osagaiak erantsi izanak aberastu gaituen bezala. Baina, tamalez, kontrako noranzkoan ez da truke hori gertatu, eta gizonek, oro har, ez dute gonarik jazten, tradizioz femeninoak izan diren balioak berenganatzen ez dituzten bezala.

Beraz, gora gizon gonadunak!

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/idurre20100325.mp3]

Deskargatu

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa