Nafar guztiok berdinak garelako

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 25a, 19:39

Hona hemen manifestaziorako plazaratu duten agiria:

Aldaketa handiko garaia bizi dugu eta aldaketek birkokatzera behartzen

gaituzte. Kinka honetan Nafarroako Gobernuaren jarrerak kezkatu egiten

gaitu. Alde batetik, kanpora begira, Nafarroako Gobernua gizarte anitza –

Lur Anitza-, mundura zabalik, aurreratua eta kalitate eta bikaintasun

eredua dela ikustarazten saiatzen da. Beste aldetik, Nafarroaren barnean,

Gobernuak ez du aniztasuna onartzen, gizartearen zati bati aukerak ukatu

egiten dizkio eta ez dio berdintasunean garatzeko aukerarik ematen.

Nafarroa osoan ingelesezko eskola eskaeraren arabera emateko prest

agertzen den UPNren Nafarroako Gobernuaren aurpegi eskuzabala,

begitarte zeken eta ozpindua bihurtzen da euskara ere eskaeraren

arabera eskaintzea eskatzen diogunean.

Aurpegi atsegin horrek berak, irakasle eta ikasleek ingelesa ikas dezaten

Kanadan egonaldiak ordaintzen dituenak, euskaraz ikasten duten

ikasleendako eskolaz kanpoko jarduera eta hizkuntza sendotzeko

egonaldietarako diru laguntzak izugarri murriztu ditu, erabat

desagerrarazi ez dituenean.

Gobernuaren aurpegi atsegin horrek, Euskararen Foru Legea azken

punturaino betetzen duela behin eta berriz dioenak, 100 eurora txikitu du

eremu ez euskaldunean bizi eta euskaraz ikasteko ezinbestez beste herri

batera mugitu behar duten neska-mutikoen garraiorako diru laguntzak.

Nafarroako Gobernuak beste herri batera mugitzera behartzeaz gain,

haurren eskolatzea gero eta zailago jartzen die hainbeste familiari.

Guk ere nahi dugu gure seme-alabek atzerriko hizkuntzetan hitz egiten

jakitea, baina Nafarroako bi hizkuntzak ongi ezagututa. Hau da, gure

xedea ez da euskara-gaztelania elebitasuna. Elebitasun hori gure semealaben

eleaniztasun zabalaren oinarria izatea nahi dugu, bertako

hizkuntzez gain, atzerriko hizkuntza bat edo biren gaitasuna emanen

diena.

Gobernuak, Nafarroari abangoardia eta kalitate irudia emateko

ahaleginetan, teknologia berriak eta ingelesa bultzatzen ditu, baina nafar

euskaldunen beharrei bizkarra ematen die. Teknologia digitalak Estatuko

nahiz atzerriko telebista asko hartzea ahalbidetzen du, halere gaur

gaurkoz Gobernuak ez du ETB hartu ahal izatea ziurtatzen, tokiko irratitelebistak diruz itotzen ditu eta Iruñerrian euskarazko irrati bati lizentzia ematea etengabe oztopatzen du. Abangoardismo eta kalitateak tokikoa eta hurbilekoa zaintzeari lotuta joan behar dute. Ezin dugu ulertu nolatan ikusi eta entzuten ahal ditugun ingelesez, frantsesez edo arabierazko emanaldiak doan eta, aldiz, euskarazko hedabideak ez ditugu bermatuta.

Krisi larria gainean dugula, gastu publikoa txikitzeko ahaleginak egiten

ari direla sinestarazi nahi digute baina, berriz, murrizketarik latzenak

euskarari dagozkion diru sailetan egin direla ikusi dugu: haurrak euskaraz

eskolatu dituzten familiak, euskaraz ikasten duten ikasleak, euskarazko

hedabideen ikusle, entzule eta irakurleak. Nafar gizartearen zati batentzat

krisia bi halakoa da.

Betebeharretan berdinak bagara, eskubidetan ere berdinak izan behar

dugula uste dugu. Horregatik Nafarroako gizarterengana jo nahi dugu

heldu den martxoaren 28an eginen dugun manifestazioarekiko

atxikimendua eta babesa eskatzeko. Manifestazioa hilak 28, igandean,

eguerdiko 12:00etan eginen dugu, autobus geltoki zaharretik Sarasate

pasealekura, honako lelo honen pean:

“Euskara hautatzeko askatasuna”

“Libertad para elegir el euskera”

NAFAR GUZTIOK BERDINAK GARELAKO

ESKUBIDE ETA AUKERA BERBERAK NAHI DITUGU...

1. ... haurrak geure herrian euskaraz eskolatzeko,

2. ... irratia piztu eta, hamaika aukeren artean, gure inguruko berriak

euskaraz entzuteko,

3. ..., euskara eta gaztelania elebitasunetik mundura zabaldu atzerriko

hizkuntzak ikasiz, eleaniztuna izanez.

4. ... helduen euskalduntzea eta prestakuntza jarraitua euskaraz,

5. ... hango eta hemengo telebisten artean euskarazkorik ere ikusteko,

6. ... kultura eta aisialdiaz euskaraz gozatzeko, eskaintza zabalez eta

berdintasunez.

7. ... euskara ASKATASUNEZ hautatu ahal izateko



EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!