Iritzia: Karlismoak badu bere museoa

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 25a, 12:32

Aingeru Epaltza

Karlismoak badu bere museoa. Lizarran. Non bertzela. Zolda kutsua zuen atzoko inaugurazioak, baina ez gaitezen sobera gaiztoak izan. Lur benedikatu honetan erroak ditugun guztiok karlista bat aurkitzen dugu, goiz ala berant, gure zuhaitz genealogikoan gibelka egin ahala. Batzuk harro daude iragan horretaz, auskalo zergatik.

Kopetan ezagun dute oraino txapel gorriak utzi dien marka. Eta ez naiz bakarrik eskuindar jendeaz ari. Abertzale eta ezkertiar jendearen artean, bat baino gehiago ezagutzen dut, Zumalakarregirekin edo Santakruzekin batean ibiltzeko prest legokeena, tradizio sainduaren defentsan. Zorionez, hobera egin dugu gehienen kasuan.

Eboluzioaren legeak ziminoarengandik urrunarazi gaituen bezala, atzean uztarazi dizkigu gure arbaso fier, basa eta buru-hertsiak. Gainerakoan, hilik dauden gauzei egiten zaizkie museoak. Nazionalismoak, sozialismoak, ekologismoak ez dute oraindik museorik. Karlismoak bai. Goratzen ari zirelakoan, haren heriotza agiria sinatzen ari ziren atzo Lizarran.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/aingeruepaltza20100324.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!