Aitor Etxarte
Hiritarrok gero eta harreman konplexuagoak ditugu… etxeetan bizi diren maskotekin. Gizakiak animaliak bere zerbitzura eta neurrira jarri ditu historian. Orain, eta hau da aldaketa, ondoan dituen zenbait animalia ez ditu jaten, ez garraioetan behartzen, ez ditu laguntzarako, ez ehizarako, ez nekazal lanetan aritzeko. Beraz, alferrikakoak direla ematen du.
Zaldia, adibidez, ibilbide latza izan du gizakien esku: gerretan, zama astunetan, golde edo gurdiaren aurretik. Horrela zen ere Merced kalean genituen sei mandoen bizitza eta Labrit aldera ziren bi astoen patua. Eta orain diren zaldi edo astoek nolakoa dute egunerokoa? Nola bizi dira etxeetan diren zakur, katu, suge edo kameleoiak?
Etxeetan diren animaliak alferrak izateko hezten dira egun, egonean izateko eta horregatik hain zuzen ere pribilegiozko tratua ematen zaie. Beraien animaliatasun izaerari uko egiten diotenean saria jasotzen dute. Antzutuak dira estimatuak. Hauentzat, eta bakarrik hauentzat, dirutza mugitzen da janari bereziak, ile apaindegi, albaitari, hotel berezi eta abar luzearen eraginez.
Marvin Harrisek, ironiko ere, aipatu izan zuen maskotek oreka psikologikorako osasun publikoak erabiltzen duen tresna dela beste gizarteetan animalia totemikoek bete izan duten funtzioaren antzera.
Beste buelta bat emanik, aitortu behar da askorentzat maskota diren zakurrek eskubideen subjektu direla eta, adibidez, hainbat espazioetara sartzeko dituzten muga eta debekuak gizakien arrazakeriaren pareko jartzen dituzte. Beraz, maskota horiek pertsona askori aitortu ez zaizkien mailaraino jartzen dira.
Claude Sarrautek “kanismo” moduan definitu du joera hori eta bere inplikazio etikoaz aritu da esanez: hainbat animaliei gaur egun aitortzen zaizkien eskubideak parodiatik gero eta gutxiago dute eta gero eta gehiago kezkatzeko motiboa da. Bitartean, gainerako animaliek sekula izan duten traturik gogorrena jasotzen dute industrien lehengaia bihurtu direlako janaria izateko helburuarekin edo esperimentazioan.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/aitoretxarte20100322.mp3]