Iritzia: Herrira doaz, natura bila

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 16a, 08:14

Aitor Etxarte

Dena merkantzia bihurtzeko gaitasuna du deabruak. Chavezek dion bezala deabruari bere izenez deitu behar diogu: kapitalismoa.

Natura ere merkantzia da. Naturara joatea ere. Ez da ez oso jarduera inozentea. Merkantziekin jokaera errugabeak ezinezkoak direlako. Azken belaunaldietan fenomeno aztergarria gertatzen ari da. Astebururo familia edo dena-delako osoak kotxeak hartu eta auskalo-nongo-herrian duten etxera joaten dira. Han dutelako sorterria edo sorterriratu direlako. Giza talde pribilegiatua da hori. Nekez aurkitzen da Europako beste lurraldeetan antzeko egoera hemen duen dentsitatean.

Kasu askotan, gehienetan ez bada, hiri trinkoaren aurkako diskurtsoarekin justifikatzen da asteburuko migrazioa. Hirian ez bezala, han naturaz inguraturik dena da osasuntsu, dena zuzena eta zoriona.

Horrelako etxeak dituzten ezagunak buruan, Joseph Roth idazle aleman handiak idatzi zuen pasarte hau topatu nuen:

Hiriaren mugan, natura ustez hasten den tokian, ez da benetan natura hasten, liburuetan dagoena baino. Naturarekiko gure lotura hautsi da. Naturari misioa eman diogu. Hor da guri atsegina emateko. Ez da berez existitzen. Lo kuluxka emateko udak basoak ditu, lakuak arraun egiteko, belardiak eguzkitan izateko, egunsentiak zentzumenak liluratzeko, mendiak paseatzeko eta paraje miresgarriak turismorako.

Natura ere beste merkantzia.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/aitoretxarte20100315.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!