Parlamentuari babesa eskatu dio Euskalerria Irratiak, epaia bete dadin

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 12a, 14:00

Lizentzia banaketa ahalik eta lasterren egitea nahi du irrati euskaldunak

Epaileen ebazpena ahalik eta lasterren bete dadila nahi du Euskalerria Irratiak. Irrati lizentzien banaketa lehenbailehen amai dadin, arauturiko prozedimendua zorroztasun osoz betez, epeak luzatzeko maniobrarik gabe, irregulartasunik gabe, arbitrariotasunik gabe, justiziaz. Ez du gehiago eskatzen, ezta gutxiago ere. Hala azalduko du gaur, Administrazioekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Batzordearen aitzinean, arratsaldeko 13:00etatik aurrera.

Batzuk babesik gabe

Nafarroako Gobernuaren iraupen luzeko irregulartasunen aurrean, Euskalerria Irratia babesgabetasun erabatekoan dagoela salatuko du Mikel Bujandak. Epaileek birritan baliogabetu dute irrati lizentzien banaketaren bigarren fasea. Epaileek, beraz, lehen fasearen amaiera arte atzeratu dute prozesua, eta une hartan, irrati euskalduna lehena zen, puntu gehien zituena. Hori gutxi bailitzan, bigarren fasean puntuatzeko geratzen diren lau moduluetan, baloraziorik onena ematen diote epaileen enkargaturiko txosten perizial independenteek.

Beste modu batean azalduta, Euskalerria Irratia lizentzia banaketaren irabazle birtuala da, lizentziaren jabe balizkoa, Parlamentuaren, Europako Kontseiluaren eta Euskaltzaindiaren babesarekin, gainera. Halere, lizentzia banaketa hasi zenetik 12 urte igaro direlarik, irrati euskaldunak ilegaltasunean segitzen du, horrek dakartzan zama eta aje guztiekin: publizitate instituzionalik ez, diru-laguntza  publikoak jasotzeko aukeraruik ez, segurtasun juridikorik ez, besteak beste, Erreniega mendiko emisorearen itxiera ekarri zuen auzian.

Besteak tematurik

NJANen ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. Are gehiago luzatu nahi du prozesua, epaileek ebatzi dutenaren kontra, argudiatuz Kontratazio Mahaiak bazuela aukera Doxari txosten teknikoak enkargatzeko. Epaiak, haatik, dio Doxa “ezgauza” zela txostenak egiteko, ez zuelako kazetaririk proiektuak hain zuzen ere kazetaritza ikuspegitik aztertzeko.

Gobernuak Administrazioko teknikariei eska ziezazkien txostenak. Are gehiago, arestian esan bezala, sumarioan badira epaileen enkarguz egindako txosten perizial independenteak baloratzeko geratzen diren lau moduluen inguruan. Orduan, zergatik tematu enpresa pribatu bati diru publikoz txostenak enkargatzearekin? Zergatik ez dute amaitzen behingoz bidegabekeria hau ebazpena betez, Kontratazio Mahaia osatuz, txosten perizialak erabiliz, emisorak dagozkienei emanez, ahalik eta lasterren?

Erabateko babesgabetasun egoera hau da Euskalerria Irratia Parlamentuari babesa eskatzera bultzatzen duena.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/mikel-legebiltzarrean-mar.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!