Iritzia: Bach Donald’s

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 12a, 10:57

Angel Erro

Ezer baino lehen, barkamena eskatu nahi dut, aurreko egunean Gorka Bereziartuak ez bezala, aipatuko dudan musikak seguruenik ez duelako balio mundua konkistatzeko. Eta barkamena goiko izenburuagatik ere bai, baina ez dut modu hoberik aurkitu, orain urtebete, Bilboko Musika-Música ziklora joan nintzeneko nire plan kulturalaren berri emateko: Barroko berantiarreko musika erlijiosoa, alde batetik, eta zabor janaria.

J. S. Bach-en inguruan kontzertu andana antolatu zuten iaz Bilbon, eta haietako batera joateko gogo bizia nuen: San Mateoren araberako Pasioa, hiru orduko pieza gailurrekoa. Egun horretaz gogoratu naiz atzo disko-denda batean obra hau topatu dudalako, merke-merke (balio ohi duenarekin konparatuta), Brilliant diskoetxearen eskutik.

Kontzertuan bizitakoari dagokionez, ez naiz mistiko jarriko. Aspaldiko arratsalderik onenetarikoa izan nuen arren, nekez sinets daiteke hainbeste denbora, tinko, zeure barnera bildua, sublimearekin harremanean egon zaitezkeela: tarteka gogoak ihes egiten zidan beste gauza batzuetara, artearen eremuko hausnarketa probetxugarrietara beti ere (behin sarrera erosita, zer gutxiago!).

Hedoi Etxarte poetaren hitz batzuk gogoan erabili nituen, So ist mein Jesus duetto paregabeak eten zidan arte. Fast poetry edo poesia azkarraren kontra azaltzen zen Etxarte Iruñeko aldizkari batean, eta, zioen, “poesiak siropea bezalakoa izan beharko zuen: trinkoa, eztia, asebetegarria, ahogozoa uzten duena. Orain %90an ur da eta oraindik siropea deitzen diote”. Akordatu naiz bai xarabe (medikamendua) eta bai siropea (opiltxoetakoa) arabiar hitz berdinetik datozela, xarab-etik. Ez naiz aurrerago joan.

Euskalduna Auditoriotik atera eta, Hedoi Etxarteri eginiko omenaldi sekretu gisara, ondoko Zubiarte merkatagunean dagoen fast food-eko jatetxe (Manuel Vilasek Resurrección-en erakutsi didanez) komunistan sartu naiz, ezer hautsi gabe, Iruñera tripa-huts ez itzultzeko.

McDonald’s-en, Bachekin baino hobeto hausnar daiteke. Hor, nire baitara bildurik, ondorioztatu dut Poesiak, ez siropea, baizik eta xarabea bezalakoa izan behar duela: funtsezko printzipio aktibo eraginkor txikirako, ehuneko handian eszipientea.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/erro-mar-10.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!