Iritzia: Ironia, talaiarik hoberena

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 10a, 14:07

Fermin Erbiti

Uretan igerian dabilen arrainak ez du itsasoa ikusten, zuhaitz artean dabilenari ere antzera gertatzen zaio, basoa ezin baitu ikusi. Harritzekoa badirudi ere, errealitatera hurbiltzeak urruntzea eskatzen du. Beraz, distantziak ematen duen ikuspegia derrigorrezkoa dugu mundu korapilotsua ulertzen hasi nahi badugu.

Baso eta itsasoaz esandakoak berdin-berdin balio du gure buruaz ari garelarik. Baina horra hor galdera: basotik edo itsasotik aise urrun gaitezke, distantziak ematen duen ikuspegia lortzeko. Gugandik alde egiteak, ordea, zailagoa dirudi...   Bada, zeregin horretan hasi nahi duenak ironia du ezinbesteko tresna, ez dago gugandik alde egiteko beste modurik. Jorge Luis Borges idazlearena da hurrengo esaldia: “Besteengan gehien miresten dudana ironia da, batzuek beren buruari urrundik begiratzeko eta serio ez hartzeko duten gaitasuna”.

Bejoindeizula, entzule, talde horretakoa bazara, alegia, zure buruari eta munduari ironiaren talaiatik begiratzeko gauza bazara, adituek diotenez, zoriontsuagoa izateaz gain, ingurukoak ere zoriontsuago eginen dituzulako.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/ferminerbiti20100309.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!