Iritzia: Mundua konkistatzen saiatu

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 9a, 19:53

Gorka Bereziartua

Umeek politikan maximalismorako joera dutelako, edo, agian, Pinky y Cerebroren marrazkiak gehiegi ikustearen ondorioz, txikitan egurrezko ezpata hartzen zuen, buruan periodikoz egindako kapela napoleonikoa jantzi eta, Dvorak-en 9. sinfoniako 4. mugimenduak logela osoa hartzen zuen bitartean, mundua konkistatzen saiatzen zen.

Gero, nerabezaroarekin, bazterrean utzi zituen inoiz izandako plan diktatorialak, pianoa jotzen hasi zen, akordeoia, biolontxeloa, tronpeta eta nik dakita zer gehiago. Gurasoek lasaitu hadia hartu zuten, haiek izaten baitziren bellatore txikiaren ofentsibak sufritzen aurrenekoak. Ez zekiten inor diktadore jaiotzen bada, diktadore hilen dela, eta umearen musika-zaletasun berri eta inpultsiboa, aginte-nahia sublimatzeko modua besterik ez zela.

20 urte ditu orain mutilak, eta larunbat gauean Gipuzkoako herri batera joan da sagardoaren kulturari gorazarrez haren lagunek goizeko ordu txikietara arte horditu nahi dutelako. Ematen du ondo pasatzen ari dela, baina barrua irensten dio zerbaitek. Eta musikak dauka errua. Gazteak ezin du, ezin duenez, taberna guztietan aurkitzen duen pop diskotekeroaren eta 80ko hamarkadako punk ultra-errepikatuaren konbinaketa jasan. Zerbait barrokoa entzun nahi du, edo erromantikoa, edo post-erromantikoa, edo garaikidea, baina gustu pixka bat daukan zer edo zer otoi.

Ertzainek atzaparra gainean jarri diotenerako hil ditu esku hutsez sei edo zazpi kamarero eta pare bat DJ; txikituta utzi lokal gehienetako musika aparatuak; su eman die, gainontzean balio handirik ez zuten CD bildumei. Beste behin ere frakasatu dute bere planek; kartzelan sartu dute auskalo noiz arte, baina, txikitan ez bezala, proselito batzuk egin ditu Gipuzkoako herrian, ni tarteko: fabore handia egin digula uste dugu, gau batez musika anestesiko merkearen morrontzatik libratu gaituelako.

Gauean zeldakideak galdetu dio bihar zer egiteko asmoa duen. Mutilak, aurpegi erdia itzaletan, Dvoraken 9. sinfoniaren 4. mugimendua entzungo balu bezala, zera erantzun du: “Egunero egiten dudan gauza bera: mundua konkistatzen saiatu”.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/gorka-bereziartua-mar.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!