Iritzia: "Zakilak portadan 2: feminismo eskuindarraz pare bat hitz"

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 8a, 14:00

Jon Orzaiz

Bart banatu ziren Oscar sariak eta Kathryn Bigelowren The Hurt Locker edo En Tierra Hostil izan zen irabazle garbia. Hedabideek zuzendariaren sexua nabarmendu dute euren gaurko lerroburuetan. Bigelow zuzendari onenaren saria jasotzen duen lehen emakumezkoa da eta, gainera, partida irabazi dio James Cameron bere senar-ohiari.

Zinema, sexu borroka bihurtu nahi izan dute kazetariek, eta Bigelowren filma Hollywoodeko akademia atzerakoi eta matxistaren aurkako garaipen gisa saldu. Bada, ez bata, ez bestea. Oscar sarietan emakume batek zuzendari onenaren estatuatxoa eskuratzea aurrerapausoa da, bai, eta era berean, poztekoa da, iragan astean aipatu nuen bezala, zakilen hegemoniarekin amaitzea, baina uste dut En Tierra Hostil ez dela inolako iraultzaren garaikur.

Filmak bat egiten du bete-betean Zinema Akademiaren balore eskuindarrekin. Protagonistak –gizonezkoak ia denak– soldadu estatubatuarrak dira Iraken. Gizajoek gorriak eta bi ikusiko dituzte Bagdad hirian, bertan ia auzokide guztiak baitira terrorista. Den-denak dira susmagarri... eta filman agertzen direnak, bederen, baita errudun ere. Finean, orain arte mila aldiz ikusi dugun propaganda militarista berbera. Ongi kontatua eta modu bikainean pantailaratua, baina propaganda azken batean. Eta hori izugarri gustatzen zaie akademikoei.

Horregatik, gaur ez naiz Bigelowren garaipenarengatik poztuko, irudipena baitut pauso bat aurrera eman ondoren, bi atzera eman ditugula. Isabel San Sebastian emakumeen egunean hitzaldiak ematera ekartzea bezala. Baina hori beste pelikula bat da.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/jonorzaiz20100308.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!