Iritzia: Gizotsoa, han eta hemen

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 4a, 14:10

Josu Jimenez Maia

Otsoen hilean, otsailean, El hombre lobo izeneko luzemetraia estreinatu zuten zinema aretoetan. Benicio Del Toro, Anthony Hopkins eta Emily Blunt protagonista dituen film horrek XIX. mendearen bukaeran garatzen den istorio bat kontatzen digu , Anthony Hopkins aktore zoragarriak gizotsoaren jatorria Indian kokatzen duen arren. Ez da kasualitatea legendak eta elezaharrak berreskuratu ziren garaian kokatzea istorio hori, erromantizismoaren oinordeko. Izatez, gizotsoaren tradizioa unibertsala da, baina tokian tokiko eta lekuan lekuko ezaugarriekin apaindurik agertzen zaigu.

Ozeanoz beste aldean, Uruguain, adibidez, hango ezaugarriekin jantzi zen. Elezaharrek diotenez, gizotsoa, lobizón delakoa gizon arrunta izaten da, familiako zazpigarren semea,  ostiral iluntzetan itxuraldatzen dena: ilea gorputz osoan hazten zaio, atzaparrak eta letaginak garatzen zaizkio eta basapiztia bihurtzen da, zeren eta -gautxoen modura esanda- "oroimena begietako txingarretan erretzen zaio”. Charrua eta Guarani herrien  mitologietan ezaguna zen giza-zakurraren tradizioa, ahalmen bitxien jabe izan eta ilargiari eta mendiari loturik zegoen izakiaren tradizioa. Mendietako guaraniek kontatzen dutenez, izan zen Keraná izeneko neskatila bat, eder-ederra baina alfer-alferra eta loti-lotia. Ongiaren izpirituen mesedeak eskertzeko ez zen inoiz dantzatzen, eta horrexegatik, Ongiaren izpirituen babesik ez izateagatik, Taú izaki gaiztoak bahitu egin zuen: Taú gaiztoak bere burua mozorroturik zuela, zazpi egunez liluratu zuen eta hurrengo zazpi ilargietan zazpi seme egin zizkion. Keraná lehenbizikoz haurdun gelditu zenean, Angatupyry izeneko izpiritu zorrotz batek begikoa bota zion bikoteari, eta zazpietan zazpi seme itsusi eta itxuragabez erditu zen Keraná. Zazpi izaki horien izenak, hurrenez hurren, honakook ziren: YeyuYaguá, MboiTuí, Moñai, YasyYateré, Kurupí, AóAó eta, azkenik, Huisô edo LuiSô.

Baina, halaber, ohar bedi irakurlea Kristo aurreko Europako tradizioetan antzeko zerbait badagoela. Merlin aztia ere emakume gazte baten sabeleko fruitua izan zen: emakume gazte hura gazteluko dorrean gatibu zeukaten, eta Ongiaren izpirituei gaueko otoitzak egitea ahazten zitzaion; horren ondorioz, zazpigarren gauean, saguzar hegalak zituen iratxo gaizto bat logelara sartu eta emakumea liluratu egin zuen, printze urdin baten itxura harturik.

Alabaina, guaranien kontakizunean ez bezala, Merlinek bere ahalmen magikoak Ongia egiteko erabili zituen. Merlinen ahalmena Arturo erregeren garaian hasi zen itzaltzen: garai hartan, zaldunek baztertu egin zituzten basoko sinesmenak, maitagarrien eta iratxoen aztikeriak, eta Grial Santuaren bila hasi ziren; Grial Santua da, izatez, Katolizismo instituzionalaren agerpen oldarkorraren sinboloa.

Euskal mitologian, berriz, gizotsoa ez da beste zenbait pertsonaia bezain ezaguna. Izan ere, ez dira gizotsoen inguruko kontakizun askorik gorde euskal tradizioan. Halere, egon, badaude.

Euskal gizotsoak badauka inguruetako mitologien gizotsoekiko hainbat ezaugarri komun. Adibidez, euskal gizotsoei buruzko sinismenak nahiko antzekoak dira Europako zenbait aurre-indoeuropar herrien kondairekin alderatuta, Laponiako kondairekin, adibidez. Baina, bestalde, euskal gizotsoak badu zenbait ezaugarri berezi.

On Jose Miel Barandiaranek dio gizotsoaren sinesmena Euskal Herrian zenbait lekutan ezaguna dela eta, horren adibide, Arratiako gizotsoarena legenda bildu zuen. Barandiaran, bestalde, Saran bizi izan zen 1940teik aurrera eta  Zugarramurdiko hainbat lagunekin harreman estua izan zuen. Dominica Giltzu lagun horietako bat zen: Zugarramurdin sortua, Saran bizi zen Dominica, Mandaxenea etxean. Ordurako hirurogeita bederatzi urte zituen andre horrengandik jaso zuen Barandiaranek berak “Gizaotsoa eta jostuna” legenda, gerora De etnografía de Navarra liburuan (Txertoa, 1987) agertu zena.

Era berean, Jose Maria Satrustegik orain dela bizpahiru hamarkada bildu zuen gizotsoaren inguruko sineskizun bat. Luzaideko ipuin zaharren arabera gizotsoa basoko leku apartatuen eta ilunetan bizi omen da. Gauetan azaltzen da bide gurutzetan, kateez zamatuta eta kate soinu handiarekin. Hozkatzea lortzen duena berekin darama arrastaka.

Luzaiden kontatzen dutenez, Donibane gauean badaude zenbait iturri magikoak non ura ardoa bilakatzen da gau hartako gaueko hamabietan. Ardo magiko hartatik edan eta gero, pertsonak zoriontasuna ezagutuko du, baina gau hartan iturri haren bila ibiliz gero iturria topatu gabe, eta hango ardotik edan gabe, pertsona gizotso bilakatuko da.

Gizotsoak han eta hemen,

legendak Uruguain eta Luzaiden;

Gizotsoak bizkarrean hezurra

eta kontatutako guztia egia… ala gezurra.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/gizotsoa.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!